Pablo Gonzalez euskal kazetariaren askatasuna eskatu du Aiaraldea Komunikabideak ere

Erredakzioa 2022ko api. 5a, 13:35
PAblo Gonzalezen egoera ere salatu du International Human Rights Foundation erakundeak.

Aiaraldea Komunikabideak hainbat hedabide eta kazetariren aldarrikapenarekin bat egin du, Pablo Gonzalez euskal kazetaria askatzeko lan egin dezaten erakundeek. Gonzalez Polonian atxilotu zuten duela hilabete bat, espioia dela leporatuta. Gerra garaiak sortutako psikosiak ezin du babestu horrelako erasoak adierazpen askatasunaren kontra.

Aiaraldea Komunikabideak ere sinatu du hamaika hedabidek eta kazetarik babestutako manifestua, Pablo Gonzalez euskal kazetaria askatu dezaten. Gonzalez duela hilabete bat dago Poloniako espetxe batean. Jatorriz, kazetaria errusiarra da, baina umea zelarik Euskal Herrira etorri zen bizitzera, Bizkaira. Sobietar Batasunean egondako hainbat herrialdetan lan egin duenez, eta bi pasaporte dituenez -bata espainiarra eta bestea errusiarra-, agintari poloniarrek leporatu diote espioia izatea eta akusazio larri horren ondorioz giltzapetuta mantentzen dute.

Gonzalezek intoxikazio eta kriminalizazio kanpaina absurdua jasan du bitartean. Adibidez, Garan idatzi izanagatik hedabide errusiarzaleentzat lan egin izana leporatu diote, nahiz eta bestelako enpresentzat ere egin izan duen lan, adibidez, La Sexta. CNIko agenteek ere bisitak eta galdeketak egin zizkieten bere senideei atxiloketa gertatu baino lehen.

Erakundeek gehiago egin dezaten kazetariaren askatasuna bultzatzeko, Aiaraldea Komunikabideak hurrengo manifestua sinatu du.

Pablo eta kazetaritza libre nahi ditugu

Pablo Gonzalez kazetari bizkaitarraren atxiloketa inkomunikatuaren eta espetxeratzearen aurrean, testu hau sinatzen dugun kazetari eta herri komunikabideok elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkiegu Pablori eta haren senide, lagun eta kideei. Espetxeratzea bidegabea dela uste dugu, eta horregatik berehala aske uzteko eskatzen dugu.

Gerra egoera honetan, are garrantzitsuagoa da kazetaritza eta informazioaren profesionalen lana, gatazkan dauden lurraldeetan gertatzen
dena herritarrok lehen eskutik jasotzeko. Hala ere, gerra guztietan bezala, kazetariak ere helburu militar bihurtzen dituzte. Badirudi ez dituztela lekuko deserosoak nahi eta prentsari eraso egiten diote, informazio-askatasuna urratuz. Zentzu horretan, kezkagarriak dira Europan RT eta Sputnik hedabideak zentsuratu dituen Europar Batasunaren deriba autoritarioa, eta Errusiako Gobernuak prentsa askatasuna murrizteko ezarri dituen lege berriak.

Euskal Herriak bertatik bertara ezagutzen du prentsa askatasunaren eta adierazteko eta informatzeko eskubidearen urraketa. Lurralde honetan komunikabideak itxiarazi, kazetariak espetxeratu eta haien aurkako atentatuak egin dituzte. Gainera, gaur egun, Espainiako Estatuan Mozal Legeak indarrean jarraitzen du, eta lege bidegabe horren bidez, testu hau sinatzen dugu hedabide eta kazetari askori isuna jarri digute edo jazarri gaituzte. Horregatik guztiagatik, ondo dakigu Pablo eta haren senideak sufritzen ari diren egoera oso latza eta makurra dela. Hori dela eta, Euskal Herriko, Espainiako Estatuko eta Europako erakundeei eta Pabloren askatasunaren alde zerbait egin dezaketen pertsonei eskatu nahi diegu Pablo lehenbailehen etxera ekartzeko lanari ekin diezaiotela.

Askotan frogatu da presio diplomatikoa oso eraginkorra izan daitekeela, horretarako egiazko indarra jartzen denean. Ziur gaude hala izango litzatekeela Pablo Errusian atxilotu izan balute. Beraz, berriz ere gogorarazi behar dugu prentsa eta informazio askatasuna demokraziaren oinarria dela, guztiok babestu beharrekoa, hemen eta leku guztietan.

Pablo askatu!

 

Manifestua sinatu duten hedabideak hauek dira:

Ahotsa.info, Eguzki Irratia, ZuZeu, 97 irratia, Zintzilik irratia, Esan Erran irratia, Hala Bedi irratia, Aiaraldea Komunikabidea, Txapa irratia, Antxeta irratia,

Manifestua sinatu duten kazetariak hauek dira:

Amaia Lekunberri (ARGIA), Axier Lopez (ARGIA), Lander Arbelaitz (ARGIA), Jon Torner (ARGIA), Xabier Letona (ARGIA), Eneritz Arzallus (ARGIA), Jenofa Berhokoirigoin (ARGIA), Zigor Oleaga (ARGIA), Estitxu Eizagirre (ARGIA), Mikel Garcia (ARGIA), Pello Zubiria (ARGIA), Urko Apaolaza (ARGIA), Peru Iparragirre (ARGIA), Félix Thommen (Mediabask), Patrick Graciet (Mediabask), Ludivine Charniguet (Mediabask), Mikel Irastorza (Mediabask), Anaiz Aguirre (Mediabask), Willy Roux (Mediabask), Irati Esparza-Guimon (Mediabask), Claire Jomier (Mediabask), Goizeder Taberna (Mediabask), Anakoz Amenabar (Arabako Alea), Aritz Martinez de Luna (Arabako Alea), Erlantz Anda (Arabako Alea), Estitxu Ugarte (Arabako Alea), Mikel Buruaga (Arabako Alea), Oihana Larzabal (Radio France), Bixente Vrignon (Radio France) eta Iban Etxezaharreta (Radio France), Arantxa Idieder (Euskal Irratiak), Kriztof Arotzarena (Euskal Irratiak), Ihintza Arrieta (Euskal Irratiak), Karlos Zurutuza (freelance), Menane Oxandabaratz (Herria astekaria), Ane Zabala (BilboHiria irratia), Juan Kruz Lakasta (Euskalerria Irratia), Zubero (Euskalerria Irratia), Haritz Pascual Garjon (Euskalerria Irratia), Reyes Ilintxeta Jimenez (Euskalerria Irratia), Pello Argiñarena Urriza (Euskalerria Irratia), Iosu Ganuza García (Euskalerria Irratia), Lohizune Amatria Zabalz (Euskalerria Irratia).

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide