KRONIKA

Aiaraldearen aztarna aurtengo Arabako Bertso Txapelketan

Aitor Aspuru Saez 2022ko api. 8a, 07:30

Asier Rubio hirugarren sailkatu zen Trebiluko saioan. / Aiaraldea.eus

Iragan ostiralean hasi zen Arabako Bertso Txapelketa. Aurkezpena Aiaraldea Ekintzen Faktorian izan bazen, lehen kanporaketa Amurrion egin zuten. Igandean Asier Rubio aiararrak lan txukuna egin zuen Trebiñun eta apirilaren 9an Iñaki Cabezaren eta Unai Mendibilen unea helduko da.

Arabako Bertso Txapelketak zapore aiaraldearra izan du, gutxienez, hastapenean. Izan ere, Aiaraldea Ekintzen Faktorian izan zen aurkezpena martxoaren erdialdean eta Amurrion jokatu zen lehen kanporaketa. Hain zuzen, bertsolariek Kultura Etxea hartu zuten eta ikusle talde anitzak bete zuen aretoa.

Oholtzan eskarmentu handiko hiru bertsolari -Iñaki Viñaspre, Unai Anda eta Paula Amilburu-, hiru gazterekin lehiatu ziren eta aldea agerikoa izan zen. Horrek ez du esan nahi Xabier Antiak, Eukene de los Airesek edota Aitor Najerak txarto egin zutenik, baina euren artean urduritasuna eta presioa nabaria zen, besteak lasaitasunez jardun ziren bitartean. Edonola ere, tentsioak tentsio, saio atsegina egin zuten eta azkar igaro zen lehia. Gauzak horrela, Viñaspre izan zen irabazlea, Unai Anda bigarren eta Paula Amilburu hirugarren.

Hurrengo egunean epaileek, antolatzaileek eta gai jartzaileak Biasterira jo zuten. Hotz ikaragarria eta eguraldi petrala gainditu zuten bertsolariek herrira heltzeko eta euren indarrak eta trebezia neurtu zituzten Aitor Ugartek, Asier Otamendik, Ander Aranburuk, Manu Bandalak, Unai Gomezek eta Manex Agirrek.

Zalantzarik gabe, Arabar Errioxako saioa izan zen asteburuko serioena eta noizbehinka barreak eragin bazituzten ere, bertsoen atzean Ukrainako gerraren itzal iluna sumatu zen maiz, baita eragiten duen ezinegona ere. Azkenean, Manex Agirre izan zen garaile, Asier Otamendi bigarren eta Manu Bandala hirugarren.

Azkenik, Trebiñun izandako hitzorduak itxi zuen final zortzirenen lehen txanpa. Hango Gizarte Etxeko oholtzara igo zen Aiaraldeko ordezkari bat, Asier Rubio aiararra. Luiaondoarra urduri heldu zen, eta aitortu zuen ez zuela bat ere prestatu txapelketa, baina Oier Arbina, Andere Arriolabengoa, Danel Herrarte, Xabi Igoa eta Irati Anda ez ziren horretaz konturatu. Izan ere, Rubiok saio polita egin zuen eta une barregarrienak eragin zituzten berak eta Irati Andak izandako bertso lizunek. Finean, Trebiñuko saioan berdintasuna handia izan zen eta, hala ere, Rubio hirugarren sailkatu zen, hurrengo kanporaketan sartzeko aukerak mantenduta.Irabazlea Andere Arriolabengoa izan zen.

Asteburuan bi amurrioar

Larunbat honetan, aldiz, Iñaki Cabeza eta Unai Mendibilen txanda helduko da Langraizen. Felipe Zelaieta, Maddi Agirre, Markel Yoller eta Peru Abarrategi izango dira euren arerioak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide