Babioko mendizalearen eskulturak mende erdia beteko du bihar eta herritar talde batek omenaldia prestatu du efemeridea ospatzeko. Irteera puntua, nahi duenarentzat, 10:00etan egongo da Amurrioko gasolindegi zaharreko biribilgunean.
Berez, ekitaldi nagusia 11:15ean izango da; artelanaren egilearen solasaldia. Luis Padura "Vioti" artistak azalduko du nolakoa izan zen sorkuntza prozesua. Gero, topa egin eta tarta jango dute.
Ekitaldia, topa eta mendi ibilaldia egingo dute bihar eskulturaren urteurrena ospatzeko
Hala ere, jardunaldiak 4 edo 5 orduko iraupena izango du. Izan ere, bi ibilbide proposatuko dituzte. Bietan lehenengo geltokia izango da Gerra Zibilean errepublikarrek Izorian eraikitako lubakia. Defentsa egitura ezagutu eta gero, Mendeikako bidea hartuko dute eta parte-hartzaileek erabakiko dute handik Etxegoienera jotzea, edo, aldiz, Burubio mendia bisitatzea. Hautatzen duten ibilbidearen arabera, gehiago edo gutxiago luzatuko da jarduera.