Aiaraldea Ekintzen Faktoriak eta Behark estudioak jaso dute Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoaren saria

Erredakzioa 2022ko api. 9a, 20:55

Laudioko Industrialdean kokatuta dago Faktoria. / Behark arkitektura estudioa

Hiru urtean behin banatzen dituzte sariak eta edizio honetan aitortu dute Behark arkitektura estudioak sortutako diseinua eta Aiaraldea Kooperatiba Elkarteko komunitateak gauzatutako espazioa.

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak saria eman dio Faktoriari, zehazki, espazioaren diseinua garatu zuten bi profesionalei: Beñat Saratxaga eta Gentzane Goikuria. Sari horiek hiru urtean behin erabakitzen dira eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 8 arkitektorekin batera, sona handiko beste bi adituk osatzen dute epaimahaia. Aurten Josep Ferrando eta Dolores Palacios izan dira gonbidatuak ardura horiek betetzera.

Epaileek izan duten erronka ez da xamurra izan, 168 hautagaien artean erabaki behar izan dute eta. Prozesuan finalistak hautatu behar izan zituzten lehenik eta behin eta gero proiektuak bisitatu. 

Faktoriara martxoaren 16an bertaratu ziren eta pozik joan arren, gutxik espero zuten saria eskualdera etorriko zenik, baina hala izan da. Izan ere, Saratxagari eta Goikuriari beste aitorpen bat eman ziete apur bat lehenago Larrabetzun egindako lanagatik. Hala ere, Faktoriak bere saria ere izan du.

Komunitatea ardatz

Epaileek garrantzi berezia eman diote Faktoriak duen ikuspegi komunitarioari eta horrela jaso dute euren ebazpenean. Izan ere, eraikinak era ugariko nahiak eta beharrak asetzen ditu; elikadura burujabetzari, umeen aisialdiari, komunikazioari, edota kultura sorkuntzari lotuta, betiere euskaraz edo hizkuntza gutxituetan.

Epaimahaiak garrantzi handia eman dio Aiaraldea Ekintzen Faktoriak duen ikuspegi eta praktika komunitarioari. 

Zentzu horretan, ebazpena argia da: “Epaimahaiak nabarmendu du proposamenak erantzun arina eman diola programa konplexu eta askotariko bati, haren izaera kooperatiboa eta inklusiboa modu adimentsuan azpimarratzen duen diseinu-estrategia baten bidez. Era berean, azpimarratu du proposamena gauzatzearen emaitza, neurri handi batean autoeraikuntza komunitarioaren bidez egindakoa, prozesuen eta materialen izaera jasangarria errespetatuta. Erabilerari dagokionez, oso positiboki baloratu da azkenean espazioan garatu daitezkeen erabileren kantitate eta kalitate handia, baita prozesuaren ondoriozko irudia ere: fabrika baten barruko herri bat, non espazio publikoa eraikin txikietan barreiatzen den, era guztietako jarduerei bide emanez. Sari hau bezero baten (askotarikoa eta heterogeneoa) borondate kolektiboarentzat eta leku zoriontsu hau ahalbidetu duten egileen batura malgu baina diziplinatuarentzat da”.

Aintzat hartu beharra dago Faktoria ez dela izan soilik soldatapeko langileek burututako obra, baizik eta Aiaraldea Kooperatiba Elkartearen inguruan ehuntzen den komunitatearen ahaleginen emaitza. Pandemiak ahalbidetu bezain pronto, auzolanak deitu ziren eraikinean lan anitzak egiteko: margotzea, altzariak eraikitzea, garbitzea…

Auzolana

Beñat Saratxagak elementu bera goraipatu du eta bat egin du epaileen iritziarekin: “Faktoria proiektu eredugarria izan daiteke: bazkideen euren auzolanaren bidez eraiki da, arkitektura estudioaren diseinu lanetik hasi eta obran parte hartu duten gremio ugarietaraino. Azken hau garrantzi handiko zerbait da, bai komunitatearen pertenentzia sentimendua sustatzeko, bai ordezkatzen duen proiektu soziokulturala bultzatzeko. Konpromisoz eta dedikazioz garatutako edozein eraldaketa proiekturen ezkutuko potentzialaren erakustaldia da, nahiz eta aurrekontu oso estuei lotuta egon”. 

Horregatik guztiagatik, Behark estudioko kideek poztasuna eta harrotasuna adierazi dute: “Guretzako arkitekto moduan Euskal Herrian jaso daitekeen errekonozimendurik handiena da EHAEO saria. Kontuan izan behar da arkitektoen elkargoak emandako sariak direla eta saritutako eraikin guztiak bisitatzen direla erabakia hartu baino lehen. Beraz, seriotasun handiz emandako sariak dira. Aurtengo edizioan gure estudioak beste sari bat jaso du, Larrabetzuko herriko plazan egindako aterpe batekin. Oso ez ohikoa da edizio berean bi sari jasotzea eta horregatik bereziki pozik eta harro gaude estudioan. Sariak gurekin lanean ibili diren arkitekto guztiekin partekatu nahi genituzke, gaur eguneko taldea eta aurreko urteetan gurekin ibili direnak lanean, bereziki Garazi Sanchez (Aiaraldea Kooperatiba Elkarteko bazkidea baita) eta Asier Madarieta”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide