Lehenbiziko fasea bukatu du 2022ko Arabako Bertsolari txapelketak. Martxoaren 19an aurkeztu zuten aurtengo edizioa Faktorian, eta final zortzirenak jokatu dira orain arte. Bertan aritu dira abesten, besteak beste, eskualdeko Iñaki Cabeza, Unai Mendibil eta Asier Rubio. Hain zuzen, azken biek lortu dute hurrengo fasera igarotzea. Gauzak hala, ondorengo saioak egokitu zaizkie:
- Maiatzak 8, 17:30ean Zigoitiako kultura etxean: Unai Mendibil Etxebarria, Markel Yoller Lopez de Arroyabe, Orlando Arreitunandia Riñas, Xabi Igoa Eriz, Peru Abarrategi Sarrionandia eta Manex Agirre.
- Maiatzak 14, 17:30ean Aramaioko Kultura Etxean: Asier Rubio Hidalgo, Andere Arriolabengoa Bengoa, Oihane Perea Perez de Mendiola, Unai Anda Delika, Felipe Zelaieta Txurruka eta Manu Bendala Garcia-Donas.
Bigarren fase honetan osatu beharreko lanak ondorengoak izango dira: hiruna bertso zortziko handian eta txikian; hamarreko txikian ofizio bat, eta bakarkako lana (2 puntu erantzun eta gaiari 2 bertso). Sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean eskuratu ahalko dira: bazkideek 4€ ordaindu beharko dituzte emanaldiagatik, eta gainontzekoek 6€.