Babioko mendizalearen 50. urteurrena ospatu dute

Txabi Alvarado Bañares 2022ko api. 13a, 16:43

Aurrekoetan baino jende gutxiago bertaratu zen ekimenera. / Gontzal Oribe

Gontzal Oribek antolatu zuen ekimena. Metalezko eskulturaren egilea ere bertaratu zen mendi tontorrera, sorkuntza prozesua azaltzeko. 

50 urte bete ditu Babioko tontorrean dagoen metalezko mendizaleak. Hori dela eta, mendi ibilaldia egin zuten larunbatean bertaraino. 

Ekimenaren harrera ez zen espero bezalakoa izan. “Duela hamar urte, 40. urteurrena ospatu genuenean, jende ugari bertaratu zen. Oraingoan, aldiz, jende gutxiago bildu gara, Aste Santuko oporren aurrerapenegatik edota bezperan euria egin zuelako, agian”, azaldu du Gontzal Oribek. 

Hala ere, egitaraua aurreikusi bezala garatu zen, antolatzailearen esanetan. “Familia argazkia egin ostean, urtebetetze tarta atera genuen, xanpainaz lagunduta. Oraingoan tarta sobratu zen, noski. Bitartean, korrikalari bat agertu zen. Mendizalearentzako zorion-txartel bat zekarren, eta eskulturan jartzen lagundu genion. Hau da, bera ere gogoratu zen urtemugaz”. 

Eskulturaren egilea ere bertaratu zen tontorrera: Luis Padura “Vioti”. Artelanaren sorreraren nondik norakoak azaldu zituen. “Kontatu zigunez, Gazteizko (‘z’-rekin) mendizale klubak eskatu mendirako postontzia sortzea”, azaldu du Oribek, “baina horretarako hodi bat baino ez zioten eman, mendizaleen txartelak gordetzteko balioko zuena. Eskulturaren gorpuzkera  bere burutik atera zen, eta nekazaritza tresna zaharren zatiak baliatuta eraiki zuen”.

Babioko ekitaldiaren ostean, Izoriarantz jo zuten mendizaleek, Guda Zibileko lubaki bat behatzeko. "Gerra hasi ostean eraiki zen eta ez zen borroka batean ere ez erabili. Noizbait berreskuratu beharko genuke, auzolanen bat burututa. Urteak igaro diren arren, nahiko egoera onean dago”. 

Ondoren, Mendeikara jo zuten, eta Etxegoieneraino jaitsi ziren bertatik. 

Gontzal Oribe arduratu zen urteurrena antolatzeaz, eta gaiari buruzko azalpen ugari bildu ditu bere blogean. Horrez gain, kamiseta bat atondu zuen okasiorako, mendi ibilaldian soinean eraman zuena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide