Aiaraldeko sugeen inguruko informazioa jasotzeko laguntza eskatu du Muskerrak Ingurumen Elkarteak

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko apirilaren 17a

Kanpaina abiatu dute sugeen aurkako jazarpenaren aurka. / Ander Izagirre

'Sugeak lagun' kanpaina abiatu du Muskerrak Ingurumen Elkarteak. Narrasti hauen inguruko informazioa biltzea eta herritarrak kontzientziatzea dute helburu.

Udaberriarekin batera sugeen ugaltze-sasoia hasten da eta, horren ondorioz, animalia horien presentzia ugaritu egiten da. Hori dela eta, Muskerrak Ingurumen Elkarteak 'Sugeak Lagun' kanpaina abiatu du, sugeen inguruko informazioa jaso eta herritarrak kontzientziatzeko asmoz. "Sugeak animalia lotsatiak dira, hori dela eta, gutxi dakigu euren ohitura, habitat eta populazioen egoerari buruz" adierazi dute elkarteko kideek. Gauzak hala, animalia horien kontserbazioan lagunduko duten datuak bildu nahi dituzte ekimen honekin.

Sugeen aurkako jazarpena

"Kanpaina honekin sugeak jendearengana hurbiltzea dugu helburu. Izan ere, beraiengan erreparatuz, haiei buruz gauza interesgarriak ikasiz eta beldurra galduz, gutako bakoitza izan daiteke animalia zirraragarri hauen kontserbaziorako giltzarria" adierazi dute ingurumen elkartetik. Horregatik, kontzientziazio kanpaina abiatu dute, jendeak ez ditzan sugeak hil.

Kontrara, sugeen argazkiak eta bideoak bidaltzea eskatu diete herritarrei. Helbide elektroniko bat jarri dute eskura (muskerraknatura@gmail.com) sugeen irudiak eta informazioa biltzeko. Hauek dira eskatu dituzten datuak:

  • Emailaren gaia: Sugeak Lagun
  • Argazkia atera duenaren izen abizenak
  • Argazkiaren kokapena
  • Argazkia noiz egin den

Jasotako datuekin, uda amaieran aurkeztuko dute Aiaraldeko suge espezieen zentsua. Fitxategi bat ere prestatu dute, honezkero, eskualdean aurkitu daitezkeen suge moten informazio osatuarekin.

Larrialdi telefonoa

Azkenik, larrialdietarako whatsapp zenbaki bat jarri dute herritarren eskura: +61415387638. "Zeri deritzogu larrialdi bat? Suge bat topatu baduzu zure etxean eta nola atera ez badakizu. Mesedez, ez ezazu hil. Whatsapp mezu bat bidaliguzu argazki batekin eta berehala erantzungo dizugu instrukzioekin" azaldu dute Muskerrakeko kideek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide