Ehunka langile kaleratzetik emaitza historikoak iragartzera igaro da Tubacex multinazionala urtebete eskasean. Atzo aurkeztu zuen enpresak 2022ko lehen hiruhileko txostena Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalean eta izugarri baikorrak dira horren aurreikuspenak.
Hasteko, Tubacexek aipatu du aurten 158,1 miloi euroko salmentak egin dituztela. Hau da, iazko emaitzak %82,7an gainditu dituzte. Mozkinak 3,4 milioikoak dira jadanik eta 2019tik izandako onenak dira.
Horrez gain, konpainiak 500 milioi euroko eskaera zorroa dauka eta ziurtatu du azken lau urteetako handiena dela. Horri gehitu behar zaio energia sektorea zabalpen garaian dagoela eta Tubacexek espero duela proiektu eta eskari gehiago jasotzea epe motzean.
Horrekin guztiaren, Jesus Esmorís kontseilari delegatuak iragarri du 2022an espero dutela 2018 eta 2019ko emaitzak gainditzea.
Kaleratzeak
Enpresak berak azaldu duenez, datuak oso positiboak dira balio gehigarriko produktuei eta egindako moldaketei esker. Gogoratu beharra dago 2021ean Tubacexek ehunka langile kaleratu zituela mundu osoan eta Aiaraldean 120 baino gehiagori eten nahi zizkiela kontratuak. Horrek greba luzea ekarri zuen eskualdera, non lantegia 236 egunez geldirik egon zen.
Une horietan konpainiaren bideragarritasuna arriskuan zegoela errepikatu zuen enpresak, baina hilabete gutxitan etekin handiak lortu ditu eta, hori gutxi balitz, nabarmendu dute emaitzak are hobeak izango zirela inflazioagatik, horniketa katean dauden tentsioengatik eta energiaren kostuaren igoeragatik ez balitz.