Lan berria prestatu dute Irati Agirreazkuenaga aktoreak, Mikel Ayllon zuzendari eta gidoilariak eta Igor Arzuaga musikagileak elkarlanean: Ivanka. Obra aurkezteko prest daude Piszifaktoria Ideien Laborategiko kideak, eta hori egingo dute datorren maiatzaren 7an Donostiako Poltsiko Antzerki Jaialdian.
Hain zuzen ere, Poltsiko Antzerki Jaialdiak antolaturiko lehiaketa irabazi izanak eskaini die Ivanka Donostiako jaialdian estreinatzeko aukera. Kontadores Zentroan egingo dute lehen pasea, 19:00etan, eta sarrera doakoa izango da.
Antzezlan berritzailea
Euskal Herrira ekialdeko herrialderen batetik etorritako emakume migratzaile txiro baten istorioa kontatzen du Ivanka antzezlanak. Obran zehar aletuko dira Ivanka protagonista jaioterritik alde egitera bultzatu duten arrazoiak, eta baita hemen aurkitutakoak. "Gure gizartearen hainbat alderdi ilunen erradiografia deseroso bat jarriko digu mahai gainean: indarkeria matxista, immigrazioa, krisi ekonomikoa, gentrifikazioa…", aurreratu dute ideien laborategiko kideek.
"Antzezlan-berritzailetzat" jo dute obra; "murgiltze-esperientzia bat eskaintzen dio ikusleari, eta soinuaz eta gorputzaren mugimenduaz baliatzen da, istorioari geruza dramatiko berriak eransteko".
Emanaldi gehiago
Maiatzaren 7koa ez da Ivanka antzezlana ikusteko egongo den aukera bakarra. Honezkero beste hiru emanaldi lotu ditu Piszifaktoria Laborategiak:
- Maiatzaren 8an, Egiako LeBukowski tabernan, 19:00etan.
- Maiatzaren 14an, Martuteneko Etxarriene Auzo Etxean, 19:00etan.
- Maiatzaren 20an, Añorgako Museum Cemento Rezola museoan, 20:00etan.
Sormen laborategia bor-bor
Mikel Ayllonek eta Igor Arzuagak 2015an sortu zuten elkarlanean Piszifaktoria Ideien Laborategia, Mara feat. Milay ipuin musikatua taularatzeko. Geroztik, etengabeko sorkuntza prozesuan egon dira murgilduta. Takoidun zapata gorria eta Elkar ezagutu genuen eguna obrak oholtzarako zituzten Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdian.
2021ean Daniel|a| transmedia pieza ekoiztu zuten ETB Mediarentzat. 10 minutuko 6 atalez osatutako websailak, musikari lotutako podkast batek eta Sua eta Ipar taldeen zuzeneko kontzertu batek gorpuzten zuten proiektua. Faktorian grabatu ziren websailaren azken atala eta zuzeneko kontzertua:
Ivanka aurkeztu aurretik, Noiz utziko dio euria egiteari paseo turistiko-dramatikoa izan da laborategiko kideen azken lana. Obra 2071an kokatuta dago, 40 urteko konfinamendu zorrotz eta etengabeko euri jasa baten osteko gizartean. Duela bi aste, Aiaraldean eskaini zuten antzezlana. Etorkizuneko Urduña bisitatu zuten denboraren makinara igo ziren ikusleek.