Agenda hitzorduz lepo dakar Aiaraldean Trailak, 5 mendi lasterketa baino gehiagorekin

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko mai. 5a, 22:54
2018ko Arespalditza Traileko artxibo irudi bat. / Aiaraldea.eus

Maiatzaren 14an hasiko da mendi lasterketen denboraldia Aiaraldean, Arespalditza Trailarekin. Arabako Kopa Herrikoiaren 7 probatik 3 jokatuko dira eskualdean.

Udaberriarekin batera loratu da trail egutegia eskualdean ere. Lehiaketak eta proba herrikoiak, biak ala biak izango dira 2022ko denboraldiaren lekuko, Aiaraldeari dagokionean behintzat. Izan ere, Arespalditzak estreinatuko du bailarako zirkuitua larunbatean -maiatzak 14- , Arabako Kopa Herrikoirako puntuagarria izango ez bada ere. Aurtengo ekimenak, gainera, berrikuntza dakar: 16 kilometroko zirkuitua binaka egiteko aukera eskainiko dute, Arespalditza Traileko modalitate berrian. Hain zuzen, Maroñon egingo dute bikote aldaketa, kategoria horretan parte hartzen dutenek. Hala, 7,5 kilometro osatu beharko dituzte txandaka ariko direnek. Gainontzekoek 16,4 kilometro izango dituzte zain, Wikilocen ikusi daitekeenez. Gainera, mendi zeharkaldia ere antolatuko dute Iñaki Isasi taldekoek, 9:30ean Arespalditzako herriko plazatik abiatuta. Trail lasterketa 10:00etan hasiko da. Arespaditza Trailerako izen-ematea kirolprobak.com atarian egin beharko da, 10 euroren truke, "mendi ibilaldirako egunean bertan apuntatu beharko da, presentzialki".

Bigarren ekimena Amurrio Trail txapelketa izango da, ekainaren 19an jokatuko dena. Ohi gisa, ibilbide luzea eta laburra eskainiko dituzte. Lehenbizikoak 31 kilometro edukiko ditu, 1.700 metroko desnibelarekin. Motzak, aldiz, 15 kilometro pilatuko ditu. Amurrio Trail taldeak auzolanerako deia zabaldu du sare sozialetan: "Urtero bezala, aurtengo edizioan boluntarioak behar ditugu proba antolatzeko ekainaren 19an. 9:00etan hasi eta 15:00etan bukatuko da txanda. Eskerrik asko aldez aurretik zuen laguntzagatik, zuei gabe hau ezingo genuke antolatu". Laguntzaile izan nahi dutenek 669610143 telefonora edo amurriotrail@gmail.com posta elektronikora bidali beharko dute mezua.

Arabako Kopa Herrikoia

Arabako Mendi Lasterketako Kopa Herrikoiak barne hartuko ditu bailarako hiru proba: Amurrio Trail, Peregaña igoera eta Okondo Trail. Horiekin batera, ordea, beste norgehiagoka batzuk osatuko dute aurtengo zirkuitua: Kanpezuko Ioar maratoi erdiak, Mitxarro Birak, Izki Trailek eta Jarindo-Albertiak. Legution erabakiko da sailkapen orokorra, urriaren 10ean.

May be an image of 7 pertsona, people standing, aire zabalean eta text that says 'AMF ARABAKO MENDI LASTERKETAKO Kopa HERRIKOIA KANPEZU IOAR MARATOI ERDIA 27 km/1930m+ MAIATZAK 8 MAYO KANPEZU MITXARRO BIRA AMURRIO TRAIL 27,5 km/1775m+ 31 km/1700m+ ΕΚΑΙΝΑΚ 19 JUNIO AMURRIO PEREGAÑA IGOERA 11,5 km/550m+ UZTAILAK ΙΖΚΙ TRAIL 21 km/700m+ MAIATZAK 14 MAYO ARAIA OKONDO TRAIL 17 km/800m+ IRAILAK 11 SEPTIEMBRE OKONDO JULIO RETES DE LLANTENO ABUZTUAK 27 AGOSTO APELLANIZ JARINDO-ALBERTIA ARABAKO TXAPELKETA 16 km/549m+ URRIAK 10 OCTUBRE LEGUTIO COPA ALAVESA DE CARRERAS POPULARES POR MONTAÑA'

Jaiak, kirol festa

Uda sasoian ez du izango etenik eskualdeko trail denboraldiak. Izan ere, jaien egutegietara itzuliko dira zenbait kirol jarduera. Horren adierazle da Peregaina Igoera -uztailaren 9an Erretes Lantenon egingo dutena-, edota Areta Traila. Azken hau uztailaren 23an antolatuko dute, sare sozialetan iragarri dutenez. 

Ildo beretik, Bizkaiko lurretan ere gozatu ahalko da trailaz. Oraindik ez dituzte xehetasun guztiak jakinarazi, baina irailaren 17an helduko da Arrankudiaga-Zollo Trailaren txanda. Urduñako Mendi Lasterketak, bidenabar, badu data: azaroaren 13a. Zentzu horretan, hiru kategorietan bereiziko dute podiuma: proba nagusiak 33 kilometro metatuko ditu, 1.750 metroko desnibelarekin; ertainak 14 kilometro, 550 metroko desnibelarekin; eta errelebokakoak 16 kilometro eta 17 kilometro. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide