Euskararen normalizazioa Aiaraldean

Inoizko banaketarik handiena egin du Errigorak Euskal Herrian eta Aiaraldean

Txabi Alvarado Bañares 2022ko mai. 6a, 17:38

Auzolana da Errigora ekimenaren ardatza. / Errigora

534 olio litro, 407 kontserba ontzi eta 35 arroz eta pasta pakete banatu ditu ekimenak Aiaraldean.

Errigorako kideek oso positiboki baloratu dute aurtengo uztak izandako harrera. Izan ere, inoizko banaketarik arrakastatsuena egin dute. 10.000 etxetara iritsi dira, iaz baino %20 gehiago. 143.000 litro olio banatu dituzte, iaz baino %35 gehiago, eta 271.000 konserba ontzi eta 41.000 arroz eta pasta pakete banatu dituzte, %15 gehiago. 

Aiaraldea ez da salbuespena izan. Euskara eta lehen sektorea uztartzen dituen ekimenak 534 olio litro, 407 kontserba ontzi eta 35 arroz eta pasta pakete banatu ditu eskualdean. 

Grafiko honetan ikusi daiteke Aiaraldeko banaketaren azken hiru urteetako bilakaera:

Euskara eta nekazaritza ekologikoa, elkarlanean

"Ekimen herrikoi" gisa definitzen du Errigorak bere burua. Nafarroako hegoaldea du ardatz, eta euskara ofiziala ez den guneetan eragitea du helburu, "lan komunala" ardatz hartuta. Tokiko ekoizleekin elkarlanean aritzen dira, euren produktuak Euskal Herri osoan zehar banatuz, eta lortutako diruaren zati bat bideratzen dute euskararen normalizazioaren aldeko proiektuak finantzatzera. Modu horretan, tokiko nekazaritza ekologikoa eta euskara elikatzen dituzte aldi berean. 

Bi kanpaina egiten dituzte urtero. Orain amaitu dutena 'Nafar hedoaldeko uzta eskutik eskura' da. Udazkenean, aldiz, 'Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka' egitasmoa antolatuko dute. 2013an abiatu zuten kanpaina hori. Tokiko produktuekin osatutako saskiak atontzen dituzte auzolanean, eta horiek salmentatik lortzen duten diruaren %25 doa euskararen aldeko mugimendura.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide