Gaur ELA eta LAB sindikatuek oharrak zabaldu dituzte jakinarazteko maiatzaren 10etik 14ra bitartean deituta zegoen greba bertan behera geratu dela. Lanuzteak eragina izan behar zuen Aiaraldeko udal kiroldegietan, eta CCOO eta UGT sindikatuek ere babesten zuten mobilizazioa. Atzo gauean langileek ontzat eman zuten enpresek aurkeztutako lan hitzarmen proposamena.
Hitzarmen berriari esker, hainbat hobekuntza lortu dituzte beharginek:
- 2020-2023 urteak hartzen dituen hitzarmenak KPIaren arabera eguneratzen ditu soldatak; 2022an I, II eta III multzoentzako %1'5eko igoera, eta IV. talderako %2koa. 2023an % 2ko igoera I., II. eta III. taldeetan, eta IV. talderako %2,5ekoa. 2023 urrian KPI osoaren igoera (2019, 2020, 2021, 2022).
- Sektoreko gutxiengo soldatak 1200€ garbiak gaindituko ditu.
- Esperientzia eta zerbitzuan emandako urteak saritzen dituen antzinatasun-plusa eskuratu da: % 3 hirurteko bakoitzean, %15eko mugarekin.
- Urteko lanaldia 55 ordura arte murriztuko da kategoria batzuetan: 4 ordu I, II, III taldeetan, eta 55 ordu IV. taldean.
- Lan zentroen arteko joan-etorriak mugatu dira; lantokien arteko lekualdaketak 30 minutura arte ordaintzen dira (ordu 1 gehienez).
- Subrogazio eskubideari berme gehiago eman zaio.
- Barne promozioak arautzen dira.
ELAk akordioa oso positiboki baloratu du, langileen eskaera nagusiak jasotzen dituelako eta prekaritateari aurre egiten diolako. LABek ere modu baikorrean aipatu du akordioa eta nabarmendu du ordezkarien ahalegina, lantokiz lantoki joateko eta greba deialdia azaltzeko.
LABek zein ELAk Gasteizko Udalaren garrantzia goraipatu dute lan gatazkan. ELAk leporatu die erakundeei prekarietatea sustatzea: "Udalek zerbitzuak merkeago eskaintzen dituzten enpresak saritzen baitituzte zerbitzuen esleipenetan, eta Gasteizko Udalak eta Urtaran alkateak erakutsitako jarrerak horixe bera berretsi dute".
LABek ordea, argitu du bere susmoa dela Gasteizko Udalak esku hartu duela bost eguneko greba ekiditeko: "Jakin badakigu Gasteizko Udalak, sektoreko enpresa esleipendun nagusien bezero nagusia herrialdean, bitartekari lanak egin dituela greba-deialdia saihesteko. Joan den ostiralean bilera bat burutu zuen enpresekin, eta azken hauek atzoko egunean egindako mugimenduak ikusita, badirudi hala izan dela; guztiz adierazgarria da zenbait hilabeteren ondoren eta inolako aurrerapenik gabeko bileren ondoren, atzo egindako bileran hainbat proposamen trukatzeko aukera izan genuela bi ordu baino gehiagoz".