AIARALDEA HEMEN

Txakolin Eguneko gehigarri berezia dakar Aiaraldea Hemen hamabostekariaren zenbaki berriak

Erredakzioa 2022ko mai. 11a, 07:00
Txakolin Eguneko gehigarri berezia dakar Aiaraldea Hemen hamabostekariaren zenbaki berriak. / Aiaraldea.eus

Kalean dago Aiaraldea Hemen hamabostekariaren 161. zenbakia. Maiatzaren 22an Amurrion ospatuko den Txakolin Egunaren inguruko gehigarri berezia dakar agerkariak.

Kalean dago jada Aiaraldea Hemen hamabostekariaren 161. zenbakia. Eduki interesgarri ugari lantzen ditu agerkariak bere orrietan. Besteak beste, Streetligth Studioko rap abeslariei egindako elkarrizketak jaso ditu Aiaraldea Komunikabideak zenbaki berrian. Aiaraldeko bost gaztek euren kabuz egindako estudioa da Streeligth, eta eskualdeko rap giroan erreferente bilakatu da tokia.

Azalean Guda Zibileko eskualdeko pasarte bat jaso dugu: Bakunin Batailioi anarkistarena, hain zuzen ere. Sergio Balchada Outeiralek liburua argitaratu du gerran alde errepublikarrean borrokatu ziren galiziarrei buruz, eta bertan jaso du batailoi horrek Amurrion egindako egonaldia.

Txakolin gehigarria

Maiatzaren 22an ospatuko da Txakolin Eguna Amurrion, bi urteko etenaren ostean. Arabako Txakolina jatorri-deitura osatzen duten upategien azken uzta dastatzeko aukera egongo da bertan, eta egun osoko egitaraua prestatu dute antolatzaileek. Hori dela eta, txakolinari lotutako informazioa biltzen duen gehigarri berezia aurkituko du irakurleak agerkariko orrien artean.

Gehigarrian jaso ditugu Txakolin Eguneko egitaraua, 2021 txakolin uztako datuak eta eskualdeko upategien inguruko informazioa, besteak beste.

Orozko Rock

Ekintza kulturalen agenda lepo dago Aiaraldean, eta hitzordu garrantzitsua du datorren asteko asteburuan Orozkon, Orozko Rock jaialdian. Maiatzaren 20 eta 21ean hamaika talde igoko dira oholtza gainera, eta jaialdira joateko beharrezkoa den informazio praktiko guztia dakar Aiaraldea Hemen Hamabostekariak. Gainera, sarrera bikoitz baten zozketan parte hartzeko aukera izango du irakurleak.

Datozen egunetan banatuko da hamabostekaria eskualdeko saltoki, ikastetxe eta kaleetan, doan. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide