Arabako Txakolinaren nazioarteko proiekzioa haziz doa urtez urte, eta geroz eta geihiago dira Aiaraldeko produktu izarra kontsumitzen duten herrialdeak.
Hain zuzen ere, nazioarteko salmenta horiek ezinbestekoak izan dira jatorri-deiturako upategietan, hare gehiago bi urte hauetan. "Ostalaritzaren itxierarak asko kaltetu gaitu. Alde batetik, upategi txikiak dira txakolingileonak, eta ez dugu botila kantitate handiak biltzeko azpiegiturarik.
Bestalde, urte baten buruan kalitatea galtzen ez duen produktua den arren, guri urteko ardoa komerzializatzea interesatzen zaigu, uzta sasoian hain zuzen ere; merkatua horretara dago ohitua" , azaldu du Mariano Alava Arabako Txakolina Elkarteko presidenteak. "Kolapsatuta geunden eta nazioarteko merkatua irtenbide ona izan da". Hain zuzen ere nazioarteko merkatuan pandemiak eragindako etena ez dute hainbeste igarri upategiek, eta, auarreikuspen guztien aurka bada ere, lortu dute sektore horretako salmentak mantentzea.
Merkatu berriak
Pandemia egoerak gainera, merkatu berriak bilatzeko beharra mahaigaineratu du. Horrela iritsi da produktua Kazakhstan edo Guatemala bezalako herrialdeetara.
"Urtez urte handituz doaz atzerriko salmentak, eta geroz eta gehiago dira gure produktuak ezagutzen dituzten horiek. Gainera, uste orokortuaren kontra, salmentak ez dira kokatzen euskal diaspora edo komunitate bat aurkitzen den lekuetan, baizik eta Euskal Herria mapan nekez koka dezaketen lekuetan. Hori harro egoteko moduko arrazoia da. Izan ere. bezero hauek ez dute gure produktua erosi gurekin harremana dutelako, baizik eta txakolina probatu, beste ardo txuri batzuekin alderatu eta lehenengoarekin geratzea erabaki dutelako". nabarmendu du Marianok.
Estatu Batuak dira esportazio merkatu nagusia. 20 urte dira ia Arabako Txakolina AEBtara iritsi zela, eta salmenten gorakadak progresiboa izaten jarraitzen du. Gainera, eskaintza berriak aurkeztu dira bertan eta erabateko arrakasta izan dute, hala nola; txakolina latetan saltzeko aukera. Salmenta guztien %40 suposatzen du gaur egun nazioarteko merkatuak , eta txakolingileek %50era iristeko asmoa dute aurki.