Itxialdia, dudarik gabe, garai luzea izan zen jende ororentzat, baina, agian, bereziki, gazteentzat. Entretenitzeko aukerak biderkatzen ditu Internetek, baina, horrez gain, batzuek euren buruak trebatzeko bidea topatu zuten. Horien artean egon zen Unai Martinez 'MRT'. Amurrioko gazteak rap musika egiten du eta etxean bere abesti propioak grabatzeko tresneria zuen. Produkzioa nola egiten den ikasteko, itxialdia baliatu zuen, ahalik eta tutorial gehien ikusita. “Doako ikastaroren bat ere egin dut, baina gehienbat tutorialen bidez ikasi dut”, argitzen du amurrioarrak.
Gauzak horrela, berak eta Xabi Jimenezek Portugaleteko La Joyería estudiora jo zutenean kanta bat grabatzera, liluratuta atera ziren. “Estudiotik atera ginenean, ez genuen ia gure abestian pentsatu, motibatu gintuena izan zen estudioa egitea”, aitortzen du Martinezek.
Hori izan zen lehenengo urratsa, eta berehala Lozak, Kortazarrek, MRT-k, Jotak eta Ibon Renesek ekin zioten lokala bilatzeari. Amurrioko Boriñaur plazan zegoen taberna zahar bat hartu eta obra txiki batzuk eginda, kabina eraiki zuten. Horrez gain, ekoizpenean lan egiteko gune bat atondu zuten eta Notorious Big-eko irudi bat eta Streetlight Studioren logoa margotu zituzten.
“Ez dugu inbertsio handirik egin, tresneria aurretik genuen eta”, argitu du Xabi Jimenezek. “Lana modu merkean egiten dugu, lokala ordaindu behar dugulako, baina saiatzen gara hasten ari direnei laguntzen” erantsi du Unai Martinezek.
Taberna oihan Unai Martinezek hartzen du grabatzeko ardura eta besteek euren proiektuetan zentratzen dira gehiago. Horrez gain, rap giroa gorpuzten duen jende gehiago mugitzen da estudioaren inguruan. Esaterako, Hegoalde Films ekoiztetxearekin bideoklipak sortzen dituen saratxoarra eta Unai Martinezen anaia, NKO Filmseko arduraduna: “17 urte baino ez ditu, hala ere, bideo pilo grabatu du jadanik”, aipatu du Unaik. “Bai, estudioko kidea ez da ofizialki, baina praktikan bai”, iritzi du Xabi Jimenezek.