GURE ESKU DAGO

"Bidea urratzeko 3 gailur argiztatu ditugu: Ganekogorta, Larreineta eta Uzkurre"

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko mai. 15a, 14:43

Piriniotako bidea argituko dute uztailaren 2an erabakitzeko eskubidearen alde Gure Esku Dago plataformakoek. Atzo, baina, Euskal Herriko hainbat gailur argiztatzeko deialdia burutu zuten, Ganekogortakoa tartean.

Ekimen berezia egin zuen Gure Esku Dago plataformak atzo, maiatzak 14. Euskal Herriko deialdia izan zen, eta tontor ugaritan elkartu ziren erabakitzeko eskubidearen alde. Horietako bat izan zen Ganekogorta. Zollo zein Laudiotik (Ermualdetik hain zuzen) bertaratzeko hitzordua finkatu zuten sustatzaileek, eta Bilbo  zein beste txoko batzuetako ekintzaileekin bildu ziren bertan. 

"Pirineoetako bidearekin bide berri bat urratuko dugu katalanok eta euskaldunok, elkarrekin noraino iristeko gai garen deskubritzeko"

21:00etan Ganekogortako tontorra argiztatzea zen helburua, gogora ekartzeko 1980. urtean euskal espedizio batek lehen aldiz lortu zuela Everest zapaltzea. "Lorpen hura ez litzateke posible izango, ziurrenik, 1974an Tximist espedizioan saiakera bera egin izan ez balute; gailurra egiteko, ezinbestekoa baita bidea urratzea", zehaztu du Gure Esku Dagok sare sozialetan.

"Pirinioetako bidearekin bide berri bat urratuko dugu katalanok eta euskaldunok, elkarrekin noraino iristeko gai garen deskubritzeko", erantsi dute. Horren harira, uztailaren 2an Pirinioetako gailurrak argiztatuko dituzte bi lurraldeen artean. Aiaraldearrak Ardin tontorrera joan beharko dira. Izen-ematea zabalik dago gureeskudago.eus webgunean.

Argazkiak: Jose Mari Gutierrez, Izar Mendiguren Cosgaya eta Gure Esku Dago

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide