Gaur eguerdian mendizalea erreskatatu du Ertzaintzak Gorbeian, eta igandean txakur bat Urduñan

Aitor Aspuru Saez 2022ko mai. 17a, 16:47

Urduñako erreskatearen irudia. / @UvrErtzaintza

Operazio bietan helikopteroa erabili du Ertzaintzak, eta osasun arazo berezirik gabe bukatu dira biak.

Gaur 13:00ak aldera Ertzaintzak mendizale baten laguntza eskaera deia jaso du. Antza, Orozko udalerrian, Giriñao menditik ez oso urrun, ibiltariak mina hartu du orkatilan. Ez da lesio larria izan, baina ezinezkoa zen berarentzat aurrera egitea, ezin baitzuen ibili.

Gauzak horrela, Ertzaintzako erreskate unitateak Gorbeiara jo du eta pertsona jaso du, Galdakaoko ospitalera eramateko. Ertzaintzako prentsa kabineteak Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez, irudiak eskuratuz gero oharra plazaratuko du gaur horri buruz.

Txakur baten erreskatea Urduñan

Edonola ere, hori ez da izan poliziaren esku hartze bakarra eskualdean azken egunotan. Izan ere, igandean beste dei bat jaso zuten 13:10ean. Kasu horretan, Urduñan -Santigo menditik hurbil- Max izeneko txakur bat erori zen troka baten ertzetik eta, zorionez, erlaitz batean geratu zen. Ertzaintzak sokak baliatu zituen berarengana heltzeko, eta animaliak minik hartu gabe igotzea lortu zuen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide