Arabako metalgintzako grebaren eragina nabarmena da eskualdeko enpresa handietan

Aitor Aspuru Saez 2022ko mai. 18a, 16:46

Gaur mobilizazioak Gasteizen izan dira. / ELA

LAB eta ELA sindikatuak pozik agertu dira mobilizazioaren emaitzarekin eta biek aipatu dituzte Aiaraldeko bi enpresa horren adibide gisa: Tubacex eta Tubos Reunidos.

ELA, LAB, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuek hiru greba egun deitu dituzte Arabako metalgintzaren esparruan eta gaur izan da lehena. LABek eta ELAk jadanik plazaratu dituzte egunaren balorazioak eta biek positibotzat jo dituzte mobilizazioak. Esaterako, ELAk historikotzat jo du protesta.

Hain zuzen, hainbat lantegitan ekoizpenak behera egin du eta zenbaitetan ekoizpena guztiz gelditu dute. Berez, Tubacexen gertatu da hori eta Tubos Reunidosen ere, LABen arabera, hainbat sekzio jarduerarik gabe egon dira. JEZ enpresan ere, %70ra heldu dela grebaren jarraipenetan tailerretan, LABeko ordezkari batek Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez.

Gaur Gasteizen, hurrengo astean Aiaraldean ere

Gaurko mobilizazioak Gasteizen zentratu dira; zehazki, Mercedes lantegian eta erdigunean, non manifestazio jendetsua egin duten eguerdian. Han elkartu dira piketeak eta Aiaraldeko grebalariek lantegiko ate batean jartzeko ardura izan dute.

Edonola ere, SEA enpresarien elkarteak ez badu urratsik egiten lan hitzarmena berritzeko, sindikatuek iragarri dute maiatzaren 24an eta 26an ere greba egunak izango direla. Kasu horietan, piketeak eskualdean antolatzea adostu dute langile antolakundeek.

Aldarrikapenak

Greba egiteko arrazoien artean, LABek hurrengoak aipatu ditu:

  • Soldata igoera duinak, langileen erosahalmenari eutsi ahal izateko eta bajan egonda soldata ez galtzeko.
  • Lanaldia jaistea eta bestelako neurriak, baimenetan eta abar, pertsonak erdigunean jartzeko eta zaintza lanei heltzeko, kontziliazioa eta erantzukidetasuna erraztuz.
  • Prekaritatearekin amaitzea: subrogazio eraginkorra azpikontratetan, ABLEei eta ebentualitateari mugak jartzea...
  • Neurri eraginkorrak berdintasun errealari begira, emakumeen eta beste kolektibo batzuen diskriminazioarekin bukatzeko.
  • Neurri eraginkorrak lan osasunean, sektorean urtero ia 2.000 lan istripu baitaude.

ELAk ere honakoa aipatu du: "SEAk nahi duen malgutasun amaigabea baztertzen jarraituko dugu, baita aldizkako kontratu finkoak eta 18.000 baino gutxiagoko soldatak ere, bizitza proiektu duin batekin bateraezinak izaki".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide