Ekimen berezia egin zuen Laudio Ikastolako hezkuntza komunitateak larunbat goizean, ikastetxearen 50. urteurrenaren ospatzeko antolatutako egitarauaren baitan. Bisita gidatua egin zuten herrian barrena, ikastolak mende erdian zehar izandako kokalekuak ezagutzeko.
Jose Arrue kalean abiatu zuten ibilaldia, bertan egon baitzen ikastola 1971tik 1979ra, txalet batean. Haur Hezkuntzako haurrek ikasi zuten bertan.
Galmakara jo zuten jarraian, Errazti sendiaren ikasgela bat bisitatzeko. Familia horrek ikastolari utzi zion azpiegitura hori. “Izan ere, ikasgela horrek 1960. hamarkadan Haur Hezkuntzako umeak izan zituen, Laudioko lehenengo ikastola izan zelarik”, azaldu zuten bisitan.
Lamuza parketik ere igaro ziren, Udal Euskaltegia dagoen tokian ere egon baitzen ikastola, 1977 eta 1978. urteen artean. Hezkuntza zentroak 2002. urtera arte Lamuza kalean erabilitako lonjak ere bisitatu zituzten. Gregorio Marañon institutura igo ziren ondoren, bertan egon baitzen kokatua Batxilergoa 1995. urtera arte.
Galiziar Etxearen alboan egin zuten ibilaldiko azkenaurreko geldialdia, ikastolako 3 gela bertako lonja batzuetan kokatu baitziren 1978-1979. urteen artean, ez zegoelako espazio nahikorik Lamuza Parkeko azpiegituran.
Bukatzeko, ikastolaren egungo eraikinera igo ziren parte hartzaileak, eta bertan eman zioten amaiera hiru orduz luzatu zen martxari. Talde argazkiak egin zituzten geldialdi guztietan, eta kanta bana abestu zuten toki bakoitzean. Ikastetxeko irakasle ohi batzuk ere bertaratu ziren paseora, euren lekukotzak partekatzeko.