Herri galdeketa egingo du Laudioko Udalak, kerik gabeko guneak ezartzeko

Txabi Alvarado Bañares 2022ko eka. 1a, 10:15

Atzo egin zuten ekimenaren aurkezpena. / Aiaraldea.eus

Ekainaren 19ra arte egongo da botoa emateko epea, udalaren webgunean. Hiru gune markatuko dituzte orotara, iragarri dutenez.

Herri galdeketa abiatuko du Laudioko Udalak, herrian kerik gabeko guneak ezartzeko. Tokiko erakundeak sei gune proposatuko ditu, eta herritarren partetik boto gehien jasotzen dituzten hirurak izendatuko dituzte kerik eta tabakorik gabeko gune. 

Sei gune hauek proposatu dituzte:

  • Autobus-markesinak
  • Herriko plaza
  • Ikastetxeen inguruak
  • Osasun-zentroen inguruak
  • Kultur Etxetik gertu dagoen eremua
  • Aldai plazako merkatua

"Herritarrek asko erabiltzen dituztelako eta adingabeak egoten direlako" aukeratu dituzte sei gune horiek bozketarako, Loli Murielek azaldu duenez. Zinegotziaren hitzetan, eztabaida sortzea da ekimenaren xede nagusia, tabakoaren kontsumoaren inguruan "sentsibilizatu eta kontzientziatzeko". 

Atzo aurkeztu zuten ekimena, Tabakorik Gabeko Munduko Eguna zela probestuta. Laudioko Udaleko Adikzioen Prebentzio Zerbitzuak garatu du proiektua, Minbiziaren Kontra Araban elkartearekin elkarlanean. 

Bozketa epea, ekainaren 19ra arte

Laudio.eus atarian eman ahalko dute herritarrek botoa, ekainaren 19ra arte. Minbiziaren Kontra Araban elkarteak, bere aldetik, informazio-mahaia jarriko du herrian hilaren 9 eta 10ean, eta bertan ere egongo da botoa emateko aukera. 

Babes gehien jasotzen dituzten hiru guneak izendatuko dituzte kerik gabeko espazio, eta horrela seinalizatuko dira. 

Minbiziaren aurkako elkarteak nabarmendu du adingabeak dauden espazio publiko ia guztietan daudela ke-ondarrak, eta horren eraginpean egoteak birikietako minbizia izateko arriskua handitzen duela. Aiaraldeko 38 bizilagun ari dira uneotan elkarteko zerbitzuak baliatzen, atzoko aurkezpenean zehaztu zutenez. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide