Gure Esku Dago plataformak bi erronka handi izango ditu laster. Izan ere, igande honetan, ekainaren 5ean, laugarren aldiz aldarrikatuko dute erabakitze eskubidea Oletan. Goizetik hitzorduan parte hartzeko prest daudenek bi aukera izango dituzte. Alde batetik, Amurrioko plazatik aterako den ibilaldira batu ahalko dira. Bestetik, 09:30ean Etxaurrrenen abiatuko den kultura ibilaldian aritu ahalko dira.
Bi proposamenen helburua izango da 12:00etan Oletara heltzea, dantza plaza eta herri kirolekin gozatzeko. 13:00etan hasiera emango diote ekitaldiari eta 14:30ean hasiko da herri bazkaria. 10 euro ordaindu beharko dituzte helduek eta umeek doan bazkalduko dute. Azkenik, Kateak Ate taldeak musika emanaldia eskainiko du.
Azken urteetan erabakitzeko eskubidearen ikur bilakatu dute Oletako landa eta bertako trikuharria:
Uztailean Pirinioak helmuga
Ekaineko ekitaldia amaituta, Gure Esku Dagoko kideak lanean jarriko dira hurrengo egitasmoa prestatzeko, eta ez da makala izango. Izan ere, uztailaren 2an Gure Esku Dagok bat egingo du L’Assemblea Nacional Catalana eta Federació d'Entitats Excursionistes de Catalunya erakundeekin, eta ekintza ikusgarria gauzatuko dute, Omnium antolakundearen babesarekin.
Zehazki, egun horretan, 23:00etan, Euskal Herria eta Katalunia artean dauden 300 gailur argiztatuko dituzte erabakitze eskubidea aldarrikatzeko asmoz. Izena eman beharra dago egitasmoan parte hartzeko. Horretarako, gureeskuaiaraldea@gmail.com helbidera idatzi ahal da edo hemen inskripzioa bete.
Aurretik hori egitea garrantzitsua da, federatuak ez dauden lagunei asegurua egingo baitiete antolatzaileek.
Aiaraldekoak, Adi mendira
Gauzak horrela, uztailaren 2an aiaraldearrek Adi mendira joko dute, 1.457 metroko altuera duena. Autobusak 14:00etan aterako dira Laudio, Amurrio eta Urduñatik eta hiru orduko bidaia egingo dute, Urepeletik gertu baitago tontorra eta Zubiri, Erro eta Sorogain zeharkatuko dute. Berez, gailurraren igoera 18:00etan hasiko da eta espero dute 21:00etan han egotea, dena prest izateko 23:00etarako.
Hain zuzen, ordu horretan Pirinioetako 300 gailur argiztatuko dituzte Euskal Herria eta Katalunia lotzeko. Autobusera itzultzeko beste bide bat hautatuko dute, egokiagoa gauez egiteko, Urkiagatik. Guztira, Aiaraldera 03:00etan itzultzea aurreikusi dute.
Printzipioz, Adi 'mendi berdea' izendatu dute antolatzaileek, hau da, edonork egiteko aproposa. Fisikoki prestatuagoak daudenek aukera izango dute 'mendi gorriak' igotzeko. Horretarako izena eman behar da aurretik eta antolakuntzak gidaria eskainiko die tontorrera heltzeko.