Egun osoko egitarau oparoa prestatu du biharko Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak Luiaondon, Aiaraldeko Euskararen Eguna ospatzeko. Prestaketa abiatu dute jadanik, Aiarako herririk populatuenak mota ugariko jarduerak hartuko baititu, guztiak euskaraz: saskibaloi eta futbol aretoko partidak, umeentzako ekintzak, herri bazkaria, antzerkia, musika estilo anitzeko kontzertuak, kultura azoka... Hemen ikus daiteke eskaintza osoa.
Gertatzen denaren jarraipena egiteaz gain, Aiaraldea Komunikabideak zuzeneko emanaldiarekin ere egingo du ekarpena bihar. Txoritegian atonduko dute zuzeneko platoa 11:00etatik 13:00ak arte. Izan ere, 13:00etan abiatuko dute eguneko ekitaldia.

Komunikabidearen mikrofonoen eta kamaren aurretik igaroko dira eskualdeko eta euskalgintzako antolatzaileak eta ordezkariak eta Mikel Martinez antzezlea ere, bera baita eguerdian taularatuko den Tabernaria' antzezlanaren protagonista.
