ERREPORTAJEA

Ezinbestekoa argitara

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko eka. 14a, 07:00

Ezkerretik eskumara eta goitik behera; Maite, Idoia, Yolanda, Paqui, Gloria, Eva, Etxaurren, Ana eta Olaia, zaintz sektoreko langileak. Aiaraldea.eus

‘Emakume izateagatik prekarizatuak’ jadunaldiak egingo ditu SOS Aiaraldea plataformak datorren ekainaren 18an, zaintza sektoreko langileen errealitatea bertatik bertara ezagutarazteko.

‘Emakume izateagatik prekarizatuak, bizitzak eusteko ezinbestekoak’, izenburu hori jarri dio SOS Aiaraldea plataformak datorren ekainaren 18an Amurrioko Elexondo kalean egingo dituen jardunaldiei. Zaintza lanetan diharduten sektore desberdinetako beharginak elkartu, bizi duten egoera prekarioa ikusarazi eta Aiaraldetik errealitate horri aurre egiteko neurriak mahaigaineratuko dituzte batasunean.

“Lan baldintza okerrek zaintzen ditugun pertsonen bizi kalitatea kaltetzen dute zuzenean”

Aiaraldea Komunikabidea jardunaldietan parte hartuko duten hainbat emakumerekin elkartu da, euren lan eta bizi baldintzak bertatik bertara ezagutzeko asmoz: Irune, Maite, Etxaurren, Eva, Paqui, Idoia, Gloria, Yolanda, Olaia eta Ana dira, baina beste hainbeste izan zitezkeen ere. Sektore desberdinak ordezkatzen dituzte, lanpostu desberdinak dituzte -jantokietako begiraleak, erresidentzietako langileak, etxez etxeko zaintzaileak edota dibertsitate funtzionala duten pertsonekin lan egiten dutenak- bat datoz, ordea, eginkizun bera dutela guztiek: bizitzei eustea.

Lan ezinbesteko bezain ikusezinak direla salatu dute; debaluatuak eta inolako aitortzarik jasotzen ez dutenak. Lan baldintza prekarioetan egin behar dute lan: baliabide urriekin, ratio izugarriekin edota bizitza duin batekin kontziliatzeko inolako aukerarik gabe.

Hartara, zaintza sektoreko alor desberdinak azken urteetan bizi duten pribatizazio basatiak baldintza oker horien areagotzea eragiten ari dela identifikatu dute guztiek. Egoera “ulergaitza” dela azpimarratu dute, are gehiago pertsonak lanaren erdigune diren sektorean: “Lan baldintza okerrek zaintzen ditugun pertsonen bizi kalitatea kaltetzen dute zuzenean”.

Jantokien errealitatea

“Oso lan prekarioa da jantokietakoa”, azaldu dute begirale lanak egiten dituzten beharginek. “Azpikontratatutako langileak dira denak eta oso ordu gutxiko kontratuak dituzte. Gainera, gure kontratuen arabera, aldizkako finkoak dira, baldin eta etengabean behin behineko kontratuak lotuaz bizitzeko zoritxarra ez badugu “Horrek esan nahi du uda sasoian langabeziara bidaltzen gaituztela, eta ez dugula hilabete guzti horietan soldata jasotzeko eskubiderik”.

Ratio neurrigabeak ere jarri dituzte jo puntuan. Begirale bakoitzak haur kopuru handiegia zaindu behar duela azaldu dute, kalitatezko arreta baten dekrimentuan. Lehen hezkuntzako ikasleen artean, begirale bakoitzak 37 haurren ardura hartu behar du batez bestez. “Nola elikatuko ditugu 37 haur, 25 minututan”. Izan ere, jaten emateko duten denbora mugatua eta presioa da salatu duten sektoreko beste errealitate bat. “Ikastetxeek finkatzen dituzte orduak, askotan estuegiak dira, eta horrek eragin zuzena du haurren heziketan”.

Azken aldarrikapen bat ere mahaigaineratu dute horri lotuta. Jantokietako begiraleak hezkuntza komunitateko kide bezala aitortzea eskatu dute. “Interkomunikazio ona behar dugu zuzendaritzako kide, guraso eta irakasleekin”. Ezinbesteko jo dute hori zerbitzu egokia eskiantzeko.

Erresidentziak

Pribatu zein publikoetan erabiltzaileen perfila aldatu egin dela ohartarazi dute: “Fisikoki eta psikologikoki deterioratuagoak daude erabiltzaileak, eta horrek dependienteagoak egiten ditu”. Azken urteetako neurriak, ordea, ez doaz errealitate horri erantzutera inondik inora. Plantillak ez dira behar beste handitu eta behin behinekotasuna “izugarria” dela adierazi dute bertako langileek.

“Gure problematika iksuarazi behar dugu, eta arazo kolektiboa dela ulertarazi”

Sektore pribatuan egoera are okerragoa dela azaldu dute, ratio neurrigabeek adinduen arreta izugarri kaltetu dutela: “Gainezka gaude, ez dugu kalitatezko arretarik eskaintzeko tarterik. Funtsean, kalitate humano gehiago eta aurrekontu kalkulu gutxiago eskatzen dugu”. 

Hori gutxi balitz, Araban ez dago bertako lan baldintzak bermatzen dituen lan-hitzarmenik, langileek soldata minimoa kobratzen dute urtean beste lurralde batzuetan baino lanordu gehiago sartzen duten arren.

Lan baldintzen debaluazioa izan da, besteak beste, Orozkoko Mercedarias egoitzako langileak grebara bultzatu dituena.Dibertsitate funtzionala duten pertsonei arreta eskaintzen diete bertan, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzu bat den arren pribatizazioak ere kolpatu ditu, eta grebara jotzea erabaki dute. Izan ere, urte gutxian, lanordu gehiago lan egitera eta KPIaren igoera aintzat hartzen ez duen soldata baxuagoa jasotzera igaro dira: “Diputazioak diru publikoa jartzen du gurea bezalako zentroetan, baina ez dute horren gaineko inolako kontrolik”.

Etxez etxeko langileak

Bakartuak, ikusezinak eta baliabiderik gabe, horrela ikusten dute beren burua etxez etxeko arreta zerbitzua eskaintzen duten langileek. “Guk zuzenean jotzen dugu artatu behar ditugunen etxebizitzetara, eta normalean ez dugu gure lana gauzatu ahal izateko tresneriarik: garabiak, ohe etzangarriak... Gainera, asko dira guk geuk asumitzen ditugun gastuak; kilometrajeak, esaterako, urte asko darama berrikusia izan gabe”. Enpresa batetik bestera subrogatzen dituzte etengabe, urtean behin azaldu dutenez. Horri guztiari bizi-proiektu bat duintasunez garatzeko ezintasuna ere azpimarratu dute: “12 orduko disponiblitatea exijitzen zaigu, nola kontziliatuko dugu baldintza horiekin”.

Batasuna ardatz

“Ezjakintasun asko dago zaintza sektoreko langileekin bizi dugun errealitatearekiko”, kexu dira beharginak. Sektore feminizatuak erabat ikusezin eta isolaturik daudela diote: “Ez dago batasun eta borroka tradiziorik, ez gara urte luzez lan-hitzarmen kolektiboak borrokatu dituzten produkzio-sektoreak bezalakoak. Hori aldatu beharra dago”.

Aitortza horren bidean urratsa egingo dute datorren ekainaren 18an Amurrion: “Gure problematika ikusarazi behar dugu, eta arazo kolektiboa dela ulertarazi”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide