Amurrioko 8 pentsiodun omendu dituzte Euskal Herriko bizikleta martxan

Txabi Alvarado Bañares 2022ko eka. 18a, 22:47

Aiaraldera iritsi da gaur Euskal Herriko pentsiodunen bizikleta martxa. Eguerdian heldu dira txirrindulariak Laudiora. Bertan bazkaldu dute, eta arratsaldean jo dute Amurriorantz. 18:00ak aldera iritsi dira herrigunera, eta Juan Urrutia plazan egin diete ongi etorria.

Ekitaldi berezia izan da Amurriokoa, herriko 8 pentsiodun omendu baitituzte: Maria, Feli, Agustina, Mari, Conchi, Adeli, Montse eta Juan. Pertsona edadetuak dira zortziak, baina horrek ez die kendu astelehenetan egiten diren elkarretaratzeetara bertaratzeko adorea.

Horregatik egin diete aitortza: "Astelehenetik astelehenera, lau urtez, 12:00etan elkarretaratzera etorri dira udaletxeko plaza honetara. Euren adin aurreratua, gaixotasunak, hotza edo beroa, euria edo eguzkia, ez dira gai izan euren bihotzetan gordetzen duten indar eta borroka-izpiritu handi hori menderatzeko, guztientzako bidezkoak eta duinak diren pentsioak defendatuz".  

Pentsio duinen aldeko aldarria

Azken urteetan eginiko aldarriei eutsi diete erretiratuek gaurko ekimenean ere. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa exijitu dute. Horrez gain, kalitatezko zerbitzu publikoak eta zaintza lanen banaketa ere aldarrikatu dituzte martxan. 

 Partaideek gogorarazi dute lau urte baino gehiago daramatzatela borrokan, 52 hilabete guztira. "Nahiz eta pentsioen balioa handitzeko promesa lortu, ez dugu lortu pentsioen sistema publiko baterako bermeak behin betiko finkatzea, ezta Kontsumo Prezio Indize errealaren araberako errebalorizazioa ere". Horri lotuta, ohartarazi dute aurreko urteetako erreformek indarrean jarraitzen dutela, eta iaz eginiko moldaketek ez dituztela euren aldarrikapenak asetu. 

Gauzak hala, borrokan jarraitzeko beharra jarri dute mahai gainean, eta horretarako hurrengo hitzordua iragarri dute: "Ekainaren 25ean Alderdi Ederren -Donostian- 12:00etan egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egiten diegu herri sektore guztiei".

Amurrion egingo dute lo gaur txirrindulariek, eta Gasteizera joko dute biharamunean. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide