Udako solstizioaren ospakizun jendetsuak itzuliko dira Aiaraldera

Aitor Aspuru Saez 2022ko eka. 21a, 13:39
Sua izango da protagonista nagusia hurrengo eguneko jaietan. / Raul Olaya

Artziniegan piztuko dute eskualdeko lehenengo sua, gaur, Etnografia Museoan. Ostegunean Amurrion, Orozkon, Lantenon eta Laudion ospatuko da udako solstizioa.

Udako solstizioa ospatzen duen San Joan jaia bere osotasunean itzuliko da aste honetan Aiaraldera. Sua erdigunean jartzen duen jai horretan ez dira faltako musika, bertsolaritza, umeentzako jokoak edota kirola.

Zerrendako lehen geltokia Artziniegan egongo da gaur 20:30etik aurrera. Etnografia museoan izango da hitzordua eta, antolatzaileek adierazi dutenez,  sua hasi baino lehen kalejira, dantzak, zanpantzarrak edota batukada egongo dira:

Ostegunean Laudioko, Amurrioko, Orozko, Urduña eta Lantenoko txandak helduko dira. Herri bakoitzak bere eskaintza berezia egingo du. Larrazabalgo auzunean umeentzako tailerrak, dantza emanaldia, buruhandiak eta Erruki erromeria izango dira protagonistak. 

Urduñan musika, txokolatea eta luntxa eskainiko dute Antiguako auzoan. Gainera, Urduñako Gazte Asanbladak eta Erauntsi Dantza Taldeak akelarrea antolatu dute Makaldian. Zurrakapotea, parrillada eta dantza egongo da.

Orozkon Aiala Martin eta Igor Elortza bertsolariek bertso poteoa egingo dute ikuskizun piroteknikoa hasi baino lehen. Amurrion txokolate janarekin eta zurezko jokoekin batera, musikak izango du pisu guztia, Musika Eskolako taldeen eta Basajaun erromeria taldearen eskutik.

Azkenik, Lantenok ere apustu handia egingo du, umeentzako tailerraren ondoren antzezlana egongo baita, eta gero luntxa.

Aipatzekoa da ostiralean eta larunbatean Orozkon egitarauak jarraituko duela. Ostiralean, Etzanderak ikuskizunaren ostean, Luhartz erromeriaren ordua helduko da, eta azoka egongo da larunbatean, goizetik eguerdira arte. 20:00etan Agate Deuna abesbatzak kontzertua eskainiko du elizan.

Laudion ere ospakizuna luzatuko da igandera arte eta kokapenak anitzak izango dira. Larrazabalen meza abestuek, bolo txapelketak edota Itxarkundia Dantza Taldearen erakustaldiak hartuko dute eremua, baina toki gehiagora zabalduko dira ekintzak. Esaterako, San Rokeko probalekuek zaldi probak hartuko dituzte ostiralean eta igandean, eta Laudioko Musika Bandak Queen taldearen omenezko kontzertua egingo du Aldai plazan, igandean ere.

Hori bai, tamalez, badago osagai bat egitarauak zalantzan jar ditzakeena: eguraldia, aurreikuspenak ez baitira bereziki baikorrak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide