Amurrioko etxebizitza problematikaz ohartarazi du EH Bilduk, egindako diagnostikoaren emaitzak plazaratuta

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko eka. 22a, 14:15

Agerraldia egin dute diagnostikoaren emaitzak aurkezteko. / Aiaraldea.eus

Herriko gazteen errealitatea aztertu dute galdetegi baten bidez, eta ateratako ondorioekin txostena osatu dute. Etxebizitzaren prezioa eta lan baldintza prekarioak jarri dituzte emantzipazioa zailtzen duten faktore nagusien artean.

Amurriok bizi duen etxebizitza problematikaz ohartarazi du EH Bilduk gaur goizean egindako agerraldian. Herriko hainbat gaztek burututako galdetegiaren ondorio nagusiak plazaratu dituzte aurkeztu duten txostenean.

Duela hilabetea abiatu zuten inkesta, herriko gazteek emantzipatzeko dituzten arazoen inguruan informazioa biltzeko asmoz. Jasotako emaitzen arabera etxebizitzen egoera eta lan-baldintza prekarioek asko zailtzen dute gazteek euren bizi-proiektua garatzeko dituzten aukerak. Horrek, Europako gainerako herrialdeekin alderatuta, Euskal Herriko gazteak batazbestekoa baino lau urte beranduago emantzipatzea dakar.

“Orokorrean, nahiz eta lana izan, emantzipatu gabeko ehuneko handiagoa dugu udalerrian eta gehienetan familia eraikitzeko helburuarekin egiten da. Hau da, lagunekin edo pertsona ezberdinekin emantzipatzea ez da gazteen artean ematen den aukera bat —adierazi dute Irune Iturbek eta Oihane Rodriguezek agerraldian— emantzipazio alternatiboen sustapena eta informazio eza ematen da. Are gehiago, gazteen beharrizanen inguruan galdetuta, oso adierazgarria da Amurrioko gazteen gehiengoak, Udalak dituen diru laguntzak edo aukerak ez dituela ezagutzen".

Etxebizitzen egoera herrian

Inkestatik harago, etxebizitzen egoeraren azterketa ere egin du EH Bilduk aurkeztutako diagnosia osagarritzeko. Azterketa horren arabera, udalerrian, gutxienez 547 etxebizitza daude hutsik, etxebizitza guztien %12,6a orotara. Bigarren etxebizitzei dagokionez, EH Bilduren kalkuluen arabera Amurrioko 990 etxebizitza ez dira lehen etxebizitza, udalerriko etxebizitza guztien %22,9.

Alokairura bideratutako babestutako etxebizitzen ausentzia, eta alokairuen gorakada ere nabarmendu ditu talde politikoak. "Goranzko joera horrek soldataren zati handi bat hipoteka edo alokairua ordaintzera bideratu behar izaten dute. Horrela, lan ezegonkor eta prekarioak zuzenean emantzipatzeko aukerak murriztu egiten ditu".

Etxebizitza plana

Diagnostikoaren ondorioak kontuan hartuta, udal politika eraginkorrak ezinbestekoak direla nabarmendu du EH Bildu Amurriok. Azterketaren lekukoa hartu eta datozen hilabeteetan etxebizitza plana aurkezteko konpromisoa azaldu du udal-taldeak. "Amurrioko gazte emantzipazioari aterabidea emateko proposamenak bilduko ditugu" azaldu du Irune Iturbe zinegotziak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide