Tubacex taldeak 1.500 milioi euroko eskariak metatu ditu hilabete gutxitan. Ez da kopuru batere makala, aintzat hartuta duela urtebete bere zuzendaritzak ehunka langile kaleratu zituela COVID-19ak eragindako balizko krisialdiaren ondorioz. Are izugarriagoa da gogoratzen bada konpainiako arduradunek duela urtebete esaten zutena Aiaraldeko langileen grebak konpainiaren jarraikortasuna arriskuan jartzen zuela.
Etorkizun lazgarria iragarri ostean, kontratu berriak apurka-apurka joan dira azaleratzen (ENF Frantziako industria nuklearrarekin, esaterako) eta gaur jakinarazi duten akordioak mozkin estratosferikoak marrazten ditu akziodunen ortzi-mugan.
Baina duela urtebete argi geratu zen moduan, akziodunak eta langileak ez daude itsasontzi berean, eta enpresarien albiste onak ez dira derrigorrez positiboak beharginentzat. Batzutan, gaurko kasuan bezala, guztiz kontrakoa gerta liteke.
Abu Dabin instalatuko duten OCTG teknologia da, hain zuzen, Amurrion dutena. Aiaraldekoa zen Tubacex taldean zegoen mota horretako lerro bakarra. Langileek uste dute hori euren aurka erabiliko duela konpainiak.
Izan ere, Tubacex taldeko langile aiaraldearrek mesfidantzaz eta etzipenaz hartu dute gaurko berria. Arrazoia erraza da, lerroburuak utzitako datuen azpitik, badago bat bereziki kezkagarria tokiko beharginentzat: Arabiar Emirerri Batuan OCTG lantegia irekiko duela Tubacexek.
Informazioa izugarri garrantzitsua da, orain arte tutuen korrosioaren kontrako teknologia hori Amurrion bakarrik baitzegoen. 2024tik aurrera, ordea, Ekialde Hurbilean ere egongo da.
Hala azaldu dio enpresa batzordeko kide batek Aiaraldea Komunikabideari: "Badakigu Abu Dabin lan egingo duten pertsonek ez dutela soldata duinik jasoko, eta hori gure aurka erabiltzen saiatuko da zuzendaritza, gu sakatzeko eta ekoizpena hara bidaltzeko".
Enpresa batzordeko beste kide batek bere iritzia partekatzen du eta ez zaio iruditzen kasualitatea kronograma: "Egungo lan hitzarmena 2025ean amaituko da, negoziazio mahaian inflazioa eramatean, zuzendaritzak saiakera egingo du gure soldatak ez eguneratzeko, erosmen ahalmena galdu dezagun, eta erantzungo dute produkzioa munduko beste leku batzuetan gauzatzeko gai direla. Argi dago segada prestatzen ari direla hemendik 2025era. Grebarekin ez da ezer bukatu, eta eurek jarraitzen dute partida jokatzen gure aurka".
Ezusterik ez
Zehazki, OCTG lerroan lan egiten duen langile batek azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari egungo albisteak, neurri batean, ez duela ezustean harrapatu: "Bagenekien Ekialde Hurbileko herrialdeak, izan Iran edo Arabiar Emirerri Batuak, kontratu garrantzitsuak sinatuko zituztela soilik teknologia partekatzearen truke, eta hiru urte daramatza enpresak jendea bidaltzen Amurriora, OCTG lerroa aztertzeko eta kopiatzeko, beste herrialde batean eraikitzeko".
Dena den, langile honek aitortzen du datu batek harridura sortu diola: "Amurrioko OTCG lerroan dozena bat lagun baino ez gara, hortaz, ez dakit nola emango dioten 150 pertsonari lana. Ikusi beharko da zer nolako lantegia egiten duten Abu Dabin".
"Bagenekien Ekialde Hurbileko herrialdeek, izan Iran edo Arabiar Emirerri Batuek, teknologia partekatzea eskatuko ziotela Tubacexi kontratu garrantzitsuen truke", azaldu du langile batek
Halaber, behargin honen iritziz, konpainiaren asmoa da Amurrioko OCTG lerroaren pisua arintzea eta bestelako proiektuetara bideratzea faktoria hori, hidrogenora, esaterako. Gainera, bere aburuz, enpresak kontratu garrantzitsu gehiago ditu, baina momentuz ez du ezer esan: "Jakin badakigu eskari oso handiak daudela, baina ez dute ezer aipatzen".
Albiste onik ez Aiaraldearentzat
Enpresa batzordeko beste ordezkari baten ikuspegia, oro har, ezkorra da, arlo ekonomikoa eta politikoa uztartuta: "Greba hasi genuenean, ikusi genuen klase politikoak enpresaren alde egin zuela. Mercedesen kasuan ere ikusten dugu Eusko Jaurlaritzak prekarizazioa babesten duela. Hau prozesu bat da eta albistea ez da txarra soilik Aiaraldearentzat, baizik eta Euskal Herri osoarentzat. Tubacexek atzerrian zabaltzen ditu lantegiak hemengoei garrantzia kentzeko eta lan baldintzak okertzeko".