100 lagun inguru elkartu ziren atzo Adi mendian, gailur hori argiztatzeko hitzordua jarria baitzuen Aiaraldeko Gure Esku Dagok. Euskal Herriko eta Herrialde Katalanetako ekimena izan zen atzo gauekoa, 'Pirinioetako bidea' argiztatzea helburu. Aiaraldetik Adi mendira bideratu zituzten antolatzaileek, eta makina bat jende gerturatu zen hitzordura, autobus zein ibilgailu propioetan.
Euskal Herriko eta Herrialde Katalanetako ekimena izan zen atzo gauekoa, 'Pirineoetako bidea' argiztatzea helburu
Hala, frontal zein argi fokuak baliatuta, Pirinioetako tontorrak autodeterminazio eskubidearen alde lotzea izan zen xedea. Orotara, 91 gailur eta 63 gune argiztatu zituzten euskal herritarren artean. Piriniotako bidea osatzeko, aldiz, 300 mendi elkartu dituzte. "Atlantikotik Mediterraneora eta Higer lurmuturretik Creusera argi-lerro bat osatu dugu katalanek eta euskal herritarrok, gure herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko", adierazi du Gure Esku Dagok sare sozialetan.
Adikoa ez zen izan, ordea, eskualdeko deialdi bakarra. Amurrion, Guk eskulturaren inguruan elkartu ziren 22:15ean, ekimenari babesa adierazteko, eta Orozkon Kurtzegainetik Oderiagara bitarteko zatia betetzeko erronkari heldu nahi zioten ordu berean, baina bertan behera geratu zen egitasmoa, lainoagatik.
Ekitaldi politikoa 21:00etatik 22:30era bitartean izan zen, eta zuzeneko emisioa ikusgai dago sarean:
Argazkiak: Ander Diez Muguruza, Beñat Mendiguren Cosgaya eta Ainhize Hernandez Martinez, Jose Mari Gutierrez