DATUAK

6,48 milioi euroko zorra dute Aiaraldeko lau enpresek ogasunarekin

Txabi Alvarado Bañares 2022ko uzt. 6a, 07:00

Somolsa fabrika behera erori da aurten. / Urduñako Udala

Ogasunari milioi bat euro baino gehiago zor dioten enpresen zerrenda plazaratu dute Araba eta Bizkaiko Foru Aldundiek. Aiaraldeko hiru enpresa eta enpresari bat agertzen dira bertan.

Nobedaderik ez ogasunarekiko Aiaraldeko zordun handien zerrendan. Azken urtean ez da eskualdeko enpresa berririk sartu, eta zeuden lauretatik bat bera ere ez da atera. Hori bai, geroz eta gehiago da Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiei zor dieten dirua, zorra handitzen baitoa urteek aurrera egin ahala. 

Somolsa Sociedad de Materiales Orduña Laboral SAL enpresak ditu zenbaki gorrienak: 2.453.286,37 euro zor dizkio estatuari (iaz 2.425.556,28 euro zor zituen). Eta ez du diru hori inoiz itzuliko: 2004. urtean itxi zituen ateak, eta ordainketak etenda diru orduz geroztik. Gaur egun, Sabadell bankua eta Elkargi finantza-entitatea dira fabrikaren lursailaren jabeak. Gainera, eraikinaren zati handi bat behera erori da aurten, lapurrek metalezko estrukturaren hainbat zati eraman dituztelako. 

Antzeko egoeran dago Murgako Recuperación de Materiales Industriales S.A. enpresa (Remai laburduraz ezaguna). 36 behargin zituen, baina itxita dago une honetan, hartzekodunen lehiaketan. Bi urte daramatza ogasunaren zerrendan agertzen. 1.123.409,52 euro zor zituen iaz, eta 1.158.380,74 zor ditu orain. 

Ezberdina da BM & Alessio Investments SL enpresa unipertsonalaren egoera. Iaz batu zen Arabako Foru Aldundiaren zerrendara, eta 1.031.900,45 euroko zorra du pilatuta une honetan. Duela 12 urte sortu zen enpresa, 3.016 euroko kapital sozialarekin, eta Saratxoko poligonoan du egoitza soziala. Akzioen salerosketara dedikatzen da eta Eduardo Alessio Alves da administratzaile bakarra.

Berezia da baita ere Ruben Bravo Gonzalezen kasua. Enpresari horrek 1.840.075,08 euro zor ditu dagoeneko,  iaz baino 87.081,41 euro gehiago. 

Lau enpresa ditu Bravok bere izenean: Iridytrio S.L, Platinorumba S.L, Activos por impuestos diferidos S.L eta Agricola Nini S.L. Lehen hirurek Laudioko Jose Mardones kaleko etxebizitza batean dute egoitza fiskala. Laugarrena, aldiz, Kantabriako Valdeolea herrian dago. Dena dela, guztiek dute antzeko ekonomia-jarduna: higiezinen eta aktiboen salerosketa. 

SPM del monte S.A-k, 8 milioi euroko zorra

Bukatzeko, ezin da aipatu gabe utzi SPM del monte S.A-ren kasua. Enpresa hori ez da Aiaraldekoa berez, baina 1.411 metro karratuko pabilioi industriala zuen Urduñan. Espazio hori enkantean atera zuten 2003. urtean, konpainia likidatu zenean. Ordutik hona, beti agertu da sozietatea ogasunaren zerrendan, eta bere zorra handituz joan da urtez urte, 8 milioi euroen langa gainditzeraino.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide