"Tiro txapelketan emaitza onak izateko praktika eta asko bidaiatzea dira gakoak"

Aitor Aspuru Saez 2022ko uzt. 7a, 17:00

Juan Gardezabal -eskuinean- eta Rufino Mendia -ezkerrean-. / Aiaraldea.eus

JUAN GARDEAZABAL ROTAETXE (Luiaondo) eta RUFINO MENDIA MENDIBIL (Belandia) Espainiako tiro txapeldunak izan dira Compak Sporting diziplinan, Gardeazabal beteranoen artean eta Mendia Handysport modalitatean, hau da, kirol egokituan.

Hasteko, zer nolako diziplinak daude tiroan?

Rufino: Bi daude. Alde batetik, ehiza ibilbidea eta, betetik, Compak Sporting. Ibilbidea aire librean da, postu ugari daude. Compak Sportingean, aldiz, bost postu daude kantxa itxi batean. 

Juan: Ibilbidean zelai irekian zaude eta ez dago distantziarik, baina Compak Sportingen bai, distantzia mugatuak daude eta plater bikoitz ugariri egiten zaie tiro. Ibilbidean, gehienez, postu bakoitzeko plater bikoitz bakarra dago. Compak Sportingean distantziak motzak eta ertainak dira eta ibilbidean, aldiz, batzuetan tiro egiten duzu lau metrora eta beste batzuetan 80 metrora.

Bi kategorietan sari uzta izan duzue azkenaldian, ezta?

Rufino: Juanek nik baino gehiago ditu! Baina azkenaldian Espainiako, Arabako eta Euskadiko Txapelketetan egon naiz eta irabazi ditut. Dena den, gutxi gaude nire kategorian, kirol egokitua da eta. Ez dakit jendeak ez duen kirola ezagutzen edo apusturik ez den egiten. Horrez gain, ez dago ia zelairik. Entrenatzeko hurbilenak dira Zanbrana eta Irun. 

"33 urte eman ditut lehiatzen"

Juan: Nire denboraldia ere ondo doa. Txapeldun bikoitza izan naiz Araban, Euskadin eta Espainian, ibilbidean eta Compaken. Europako ibilbide txapelketan 8. izan naiz eta Compaken 10. sailkatu nintzen Europan.

Hurrengo astean Italiara joko dut Munduko Ibilbide Txapelketan lehiatzeko. 33 urte eman ditut lehiatzen eta Espainiako bederatzi txapelketa irabazi ditut, bost Compaken eta lau ibilbidean, Compak Sportingeko Munduko Txapelketan bigarren izan naiz hiru aldiz, eta beste hiru ibilbidean... Domin eta sari ugari ditut. Pozik nago nire kirol bizitzarekin.

Rufino: Nik Juanekin batera hasi nuen ibilbidea, baina gero etenaldia egin nuen, ez zegoelako jenderik nire kategorian. Orain itzuli naiz kategoria definituago dagoelako, baina jende gutxi dago oraindik. Adibidez, Europako Txapelketarik ez da egon Handysport-en, lehiakide nahikorik ez zegoelako. Ez dago batere zabalduta.

Aurten zuk, Juan, baduzu arazo bat lehiatzerako orduan.

Juan: Bai, fisikoki muga daukat aurten, begi batean katarata diagnostikatu didate eta ikusmenaren %54 galdu dut. Irailean egingo didate ebakuntza. Pozik nago horregatik, baina baldintzatzen nau eta sufritzen dut fondo ilun baten gainetik joaten diren platerak ikusteko. Horrela ezin dut ondo tiro egin.

Kirol honetan maila handia izateko, zuek bezala, zer egin behar da?

Rufino: Praktika da gakoa.

Juan: Entrenamendua eta praktika, baina ez dago laguntzarik inoren partetik. Gehienez, kartutxoren bat eskuratu dezakezu marka baten bitartez, baina ekonomikoki ez dago aukerarik. 

"Denboraldi batzuetan 40.000 kilometroko ibilbidea egin dut zelai ezberdinetan praktikatzeko"

Rufino: Oso goian egon behar zara kartutxoak eskuratzeko. Kirol garestia da. Azkenaldian kartutxoen prezioa izugarri igo da eta horri gehitu behar zaio bidaiatu behar dugula entrenatzeko, ez baitago zelairik gertu, gure modalitateetan behintzat. 

Praktikaz gain, ba al dago beste gakoren bat lehiatzeko orduan?

Rufino: Plateren ibilbidea aurreikusi behar duzu, asmatzeko non egin behar duzun tiro. Horretarako ere gomendagarria da aurkariak ikustea, ea nola egiten duten eurek. 

Juan: Kalkulatu behar duzu plateraren hegaldia, abiadura, distantzia... Hori praktikarekin lortzen da. Hainbat zelaietan egitea ere oso garrantzitsua da, ibilbide ezberdinak ezagutzen baitituzu. 

Rufino: Zelai bakarrean egiten baduzu, erabat galduta zaude plateren ibilbidea aldatzean. Hori bakarrik lortzen da asko bidaiatuta, Juanek egin duen moduan.

Juan: 40.000 kilometro egin ditut nik denboraldi askotan. Bartzelona, Madril, Zaragoza, Valladolid, Lleida, Almansa, Malaga...

Ona da giroa txapelketetan?

Juan: Bai, familia giroa da.

Rufino: Gure artean aholkuak ematen ditugu, adibidez.

Arma oso garrantzitsua da kirol honetan?

Rufino: Asko laguntzen du eskopeta ona izateak, jakina, baina dirua izan behar duzu horretarako. Jendeak gehiago jokatzen du kartutxoekin. Izan ere, 28 gramokoak izan behar dira, baina batzuen munizioa gehiago zabaltzen da. 

Juan: Distantziaren arabera, batzuk gehiago irekitzen dira distantzia ertainean edo motzean. 

Rufino: Tiro egiteko norberaren abiadura ere aintzat hartu behar da kartutxoa hautatzeko. 

Juan: Modu bakarra dago goian egoteko; tiro asko egitea, asko mugitzea eta, ondorioz, dirua gastatzea. Ez baduzu hori egiten, tropelean egongo zara, baina ez zara nabarmenduko. Nik ia 69 urte ditut eta azkenaldian ez naiz horrenbeste mugitzen. Nekatuta nago 33 urteren ondoren.

Rufino: Bai, hori da. Zelai ezberdinetan ikasten dituzu plateren ibilbide ezberdinak. Adibidez, niri batzuetan Juanek esan dit: "Egin tiro horrela". Eta nik pentsatu dut oker zegoela, baina hala ere kasu egin diot eta arrazoia zuen, platera apurtzea lortu dudalako. Baina horretarako Juanen ibilbidea behar duzu.

Nik orain denbora eta askatasun gehiago daukat entrenatzeko eta horregatik lortu ditut txapelketak. Lehen autonomoa nintzen eta ez nuen denborarik, ezta dirurik ere. Halaber, gaur parte hartzaile gehiago dago, ez askoz gehiago, baina badaude, eta maila daukate. Esaterako, 1999an Europako Txapelketa batean egon nintzen eta Espainiako Estatutik bi baino ez geunden Handysport kategorian. Gero utzi nuen kirola urte luzez. Ez dakit zergatik ez dagoen jende gehiago, agian ez dutelako ezagutzen, federazioek ez baitiote arreta berezirik eskaintzen. Aurten, adibidez, ez dute ezer prestatu aulki gurpilduneko kategorian.

Juan: Dena den, pozik gaude, Espainiako Txapelketan egongo garelako biok uztailaren amaieran.

Rufino: Bai, emaitza onak lortzen ari gara gutxienez. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide