Aztarna elkarteak bere aldizkariaren 58. zenbakia argitaratu berri du. Etnografia eta historia lantzen duten dozena bat artikulu baino gehiago biltzen ditu argitalpenak eta eskualdeko hainbat historialari, arkeologo edota kartografia zale topatuko ditu irakurleak: Aketza Merino, Juanjo Hidalgo edota Jose Ramon Zurimendi, batzuk aipatzearren. Gainera, Serapio Lopezek bertsoa idatzi du korrika egiteari buruz.
Zenbaki honetan Aiaraldeko zenbait herri dira protagonista: Amurrio, Artziniega, Orozko eta Lezama, baina Inoso eta eskualdeari buruzko testuak ere badaude. Amurrioko kanpaiak, Karlistaldiak Artziniegan, Amurrioko San Roke Azoka, Orozkon egindako indusketa kanpaina, edota Urduñako iturri publikoak dira egileek ikertu dituzten gaietako batzuk.
Aldizkariak 56 orrialde ditu eta 3 euro balio ditu. Ohiko salmenta puntuetan topatu daiteke.