AIARA TXIRRINDULARITZA ELKARTEA

Aiala Txirrindularitza Elkartea; urrezko emaitzak aurten

Aitor Aspuru Saez 2022ko uzt. 17a, 08:00
Harri paskier eta Oier Colemenero Aiara Txirrindularitza Elkarteko kdieak, San Joseko lasterketan helmuga gurutzatzen. / Aiaraldea.eus

Aiaraldeko kadete mailako txirrindulariek osatzen dute Aiala Txirrindularitza Elkartea eta haien helburua lorpen handiak ez badira ere, aurten hainbat aldiz igo dira podiumetara.

Aiala Txirrindularitza Elkarteak, antza, ez du pandemiaren eragina bereziki nabaritu. Izan ere, iaz denboraldi bikaina egin zuten bere kideek eta aurtengoa ere inbidia sortzeko modukoa izaten ari da. Kanpotik, baten batek pentsa dezake hori lorpen polita dela, besterik gabe, baina taldearen filosofia eta bere aurkariena alderatzen bada, ulertuko du bere meritua bikoitza dela.

Alegia, gaur egungo hainbat txirrindularitza talde dira nolabaiteko “selekzioak”. Hau da, kirolariak hautatzen dituzte han hemenka eta euren ustez onenak direnekin osatzen dute bere taldea. Argi eta garbi, klub horien xede nagusia da emaitzak eta garaipenak eskuratzea.

Aiala Txirrindularitza Elkartearen abiapuntua, ordea, oso bestelakoa da. Euren asmo nagusia da eskualdean txirrindularitza egin nahi duenak -kadete kategorian, gehienbat-, horretarako aukera izan dezan. Modu horretan, bere kide guztiak 20 kilometroko diametroan kokatzen dira, eta Aiara eta inguruko udalerrietako gazteak dira.

Txirrindulariei trebakuntza eskaini ez ezik, Aiala Txirrindulari Elkarteak erakusten du ere zer esan nahi duen harrobiko kluba izatea: lasterketak antolatzen dituzte -Aiara Bira- Aiaraldeko taldeekin elkarlanean eta beti daude prest boluntario lanak egiteko. Izan Laudion, Amurrion edo Artziniegan.

Elkarlana eta lehiakortasuna

Edonola ere, aurten Aialak argi eta garbi adierazi du elkarlana sustatzea eta lehiakorra izatea ez direla kontraesankorrak. Hasteko, ohiko entrenamenduei master class bat gehitu diote eta otsailean Cesar Solaun txirrindulari profesional ohiak azaldu zien nola erabili haizea lasterketetan. Hau da, nola detektatu eta nola baliatu abantaila eskuratzeko. Horrez gain, Aiarako taldeak ez dio pista galdu teknologiari eta bitarteko digitalak aprobetxatzen dituzte proba hasi baino ordubete lehenago argipenak eta aginduak emateko txirrindulariei. Modu horretan identifikatzen dituzte erasora jotzeko tokiak edota nortzuk diren euren arerio arriskutsuenak.

Gainera, aiararrek anbizioarekin jokatu dute aurten eta inguruko lasterketetan parte hartu ez ezik, Estatu espainarrera jo dute puntako taldeen kontra neurtzeko euren indarrak. Esperientzia horiek ikasteko abagune apartak bilakatu dira eta bidean emaitza positiboak ere eskuratu dituzte. “Puntako taldeekin lehiatu gara eta ondo egin dugu”, aipatu dio Peio Albizuak Aiaraldea Komunikabideari. Esaterako, Sorian, Challenge Comunidad de Cintora lehiaketa Iñigo Uriak etapa bat irabaztea lortu zuen. Valdepeñaseko XX. biran, aldiz, sailkapen orokorreko hirugarrena izan zen Harri Paskier eta Iker Colmenero hirugarren heldu zen etapa batean.

Podium uzta

Aurtengo denboraldia deskribatzeko, esanguratsua da Aiala Txirrindularitza Elkarteko gazteek jasotako domina uzta: Arabako Ziklo-kros Txapelketan Asier Beraza bigarren eta Iñigo Uria hirugarren, Arabako Errepideko Txapelketan Oier Colmenero txapeldun eta Harri Paskier bigarren, Euskadiko Errepide Txapelketan 1. urteko kadeteen artean Iker Colmenero bigarren,  Euskadiko Errepide Txapelketan 2. urteko  kadeteen artean Peio Albizua hirugarren, Euskadiko Mendi Txirrindulan Asier Beraza txapeldun.  Horrek gainera, Albizua eta Berazari ireki zitzaien ateak Euskadiko Selekzioarekin aritzeko Espainiako Txapelketan eta biek ekarri zituzten taldekako brontzezko dominak. Asier Berazari galdetuta zein izan den bere sekretua hain denboraldi bikaina egiteko, gazteak erantzun du: “Entrenatzea eta teknika dira gakoak”. Dena den, Valen Campos entrenatzaileak berehala gehitu du: “Genetika ere garrantzitsua da, bere anaia gure taldekidea izan zen eta oso ona zen”.

Talde lana

Izen abizen batzuk gailendu badira ere, podiumetara igo direlako, talde batean kide guztiak garrantzitsuak direla gogoratu dute Aiala Txirrindularitza Elkarteko gazteek eurek. Peio Albizuak azpimarratu du: “Emaitza onak izan ditugu talde lana ona izan delako. Irabazteko eta sailkapeneko lehenengo postuetan egoteko, ezinbestekoa da lasterketako aurreko aldean kokatzea eta, aldi berean, komunikazioa funtsezkoa da aurkarien erasoei aurre egiteko”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide