Baserritar Egunean egingo dute Erraldoiketa

Txabi Alvarado Bañares 2022ko uzt. 21a, 07:00

Arakaldoko jaietan egin zuten ekimena aurkezteko agerraldia. / Sorginlarren

Bi kalejira egitea aurreikusi dute antolatzaileek, arratsaldean bata eta iluntzean bestea. 

Bi urteko etenaldiaren ostean, indarberrituta itzuliko da Erraldoiketa Laudioko Jaietako egitaraura. Larunbatean egin zuten aurtengo edizioa aurkezteko agerraldia, Arakaldon, eta ekimenaren gaineko datu garrantzitsu batzuk plazaratu zituzten bertan.

Data aldaketaren berri eman zuten, besteak beste. Erraldoiketaren lehen bi edizioak abuztuaren 16an egin ziren, San Roke egunean, alegia. Aurten, ordea, abuztuaren 26ra mugitzea erabaki dute, Baserritar egunera. 

Ostirala delako hautatu dute egun hori. “Hemendik aurrera Erraldoiketa beti ostiral batean kointziditzen saiatuko gara”, azaldu dute Sorginlarren elkarteko kideek. 

Bi kalejira

Aurreratu dutenez, bi kalejira egingo dituzte egun horretan, “arratsaldean bata eta iluntzean bestea”. Modu horretan, ahalik eta jende gehien biltzea dute helburu, goizean jende gutxiago bertaratu daitekeela ulertuta. “Auzolana eta taldeen arteko saretzea” sustatu nahi dituzte horrela. 

Hainbat erraldoi eta buruhandi talde bilduko dira topaketan. Sorginlarreneko kideek aurreratu dutenez, “itxura ona” hartzen ari da aurtengo egitaraua, baina talde batzuen erantzunen zain daude oraindik, behin betiko planteamendua ixteko.  

2018an antolatu zuen Sorginlarren elkarteak Erraldoiketaren lehen edizioa. Euskal Herriko hainbat erraldoi talde bertaratu ziren Laudiora, eta kalejira bateratu ugari egin zituzten, jaietako programazioaren barruan.

Lehen proba horrek izandako arrakasta ikusirik, esperientzia errepikatu zuten hurrengo urtean. Pandemiak eragindako bi urteko geldialdiaren ostean, aurten egingo dute hirugarren edizioa. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide