Gaur iritsiko da inprentatik Aiaraldea Jaietan aldizkaria. Aiaraldea Komunikabideak ekoitzi du argitalpena, eskualdean abuztuan eta irailean egongo diren jaien gaineko informazioarekin.
Amurrio, Laudio, Urduña, Aiara, Orozko, Okondo, Arrankudiaga-Zollo eta Artziniegan egongo diren ospakizunen berri jasoko du irakurleak agerkariaren 100 orrietan. Egitarauak, elkarrizketak edota erreportajeak topatuko daitezke bertan.
Gaur ekingo zaio aldizkaria eskualdeko saltoki, taberna eta bestelako establezimenduetan banatzeari, Aiaraldea Komunikabidearen boluntario sareari esker. Herritarrek toki horietan izango dute hartzeko aukera, erabat doan.
Aiaraldea Kooperatibako bazkideek ere modu horretan eskuratu ahalko dute, baina etxean jasotzeko aukera ere izango dute eskura. Horretarako mezu bat bidali beharko dute 688 84 81 52 telefonora edo erredakzioa@aiaraldea.eus helbide elektronikora.