Erdi Aroko etxe baten arrastoak topatu dituzte Aztarna elkarteak eta Sergio Escribano arkeologoak Gorbeian

Txabi Alvarado Bañares 2022ko abu. 8a, 14:49

Zuia udalerriaren barruan dago induskatu duten gunea. Hainbat zeramika pieza topatu dituzte bertan. 

Gorbeiako parke naturalean egon ziren Aztarna elkarteko kideak uztailaren 18tik 22ra bitartean, Sergio Escribano arkeologo laudioarrarekin batera. Indusketa egin dute parkean dagoen babesleku batean. 

Elkarteko bazkideetako batek, Luiso Lopezek, topatu zuen gunea, eta iraganean erabilia izan zenaren susmoa piztu zitzaion. Izan ere, 19 zeramika pieza topatu zituzten bertan, eta Erdi Arokoak (XII-XIII. mendeen artekoak) zirela ondorioztatu zuten gero, Aixa Barbain ikasleak eta Sergio Escribano irakasleak EHUn eginiko ikerketaren bidez. 

Erdi Aroko lehen babeslekua EAEn

Aztarnako kideek balioan jarri dute eginiko aurkikuntza, EAEn dokumentatzen den Erdi Aroko garai horretako lehen babeslekua delako. “Okupazio gehienak historiaurrekoak edo askoz berriagoak dira; eta, gehienez, Goi Erdi Arokoak. 1.000 urtetik aurrerako populazio-jarraibideak oso gutxitan lotzen dira labar-eremuekin”, azaldu dute elkarte etnografikoko kideek. 

Horregatik erabaki zuten gunea induskatzea, eta modu horretan ondorioztatu dute aztarnak etxe batenak direla. Basoko baliabideak ustiatzera bideratzen zen eraikina, eta Erdi Aroan zehar erabili zen. Gunearen okupazioaren “intentsitatea” nabarmendu dute Aztarnako kideek, hiru “okupazio-maila” identifikatu direlako, bakoitza zoru ezberdin batekin. 

Laborategiko azterketak egiteke daude oraindik, baina Aztarnako kideek uste dute gunea Behe Erdi Aroan okupatu zela azkenengo aldiz. "Beste bi okupazioak, aldiz, Tarteko Erdi Arokoak izan ahalko lirateke", aurreikusi dute. Indusketen sustatzaileek uste dute topatutako zeramika piezek balioko dutela kronologia bat zehazteko. Era berean, gaineratu dute guneak izandako okupazioak lotuak egon daitezkeela Erdi Aroan garatutako jarduera ekonomikoetara: "burdinarekin, egurrarekin, harriarekin edota ur-errotekin erlazionatutakoak, kasu".  

Aurkikuntzen balioa ikusirik, etorkizunean indusketa kanpaina gehiago egitea planteatzen ari dira Aztarnako kideak. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide