Gaur 20:00etan bilera egongo da Eusko Jaurlaritzaren eta garraio enpresen artean, ikastetxeetara joateko zerbitzuari buruzko akordioa lortzeko. Edonola ere, bitartean, bihar ikasle guztiek ez dute zerbitzu hori izango.
Esaterako, Okondoko, Gardeako, Orozkoko zenbait auzunetako (Urigoiti, Ibarra, Unibaso, Garai, Beratza eta Okeluri) eta Aretako ikasleek euren kabuz joan beharko dute bihar Laudio Bigarren Hezkuntzako Institutura aurkezpen egunean. Hala ere, egoera orokorra da.
Hala ere, institutuko arduradun batek nabarmendu du arazoa ikastetxe publikoetan dagoela bakarrik, eta Jaurlaritzaren utzikeria horietan zentratzen dela, itunpekoek garraioa izango baitute.
Bestalde, eskualdeko garraio enpresetako batean aritzen den langileetako batek azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari sektorea uztailean jarri zela harremanetan Eusko Jaurlaritzarekin, jakinarazteko zerbitzuaren prezioa igo behar zela, kostuek gora egin dutelako. Ordea, erakunde publikoak ez dio baiezkoa eman garraiolarien eskaerari.
Gaurko bileraren ondoren jakingo da ostiraletik aurrera garraio zerbitzua osorik eskainiko den edo ez. Izan ere, biharko ez dago bermatuta ikasle guztientzat.