Ikasturte hasierarekin batera, Aiaraldeko ikasle guztiek ez zuten hezkuntza zentroetara joateko garraio publikoa bermatuta. Izan ere, garraio enpresa batzuen eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren arteko desadostasunak medio, zerbitzua eskaintzen zuten enpresek hainbat linea etetea erabaki zuten.
Eskualdean, besteak beste, Okondoko, Gardeako, Orozkoko zenbait auzunetako (Urigoiti, Ibarra, Unibaso, Garai, Beratza eta Okeluri) eta Aretako ikasleak ziren zerbitzua bermatua ez zutenak.
Atzo iluntzean, ordea, akordioa erdietsi zuten bi aldeek, %24,1eko igoera adostutako tarifetan. Erregaiaren prezioaren garestitzea zela eta eskatzen zuten garraio enpresek zerbitzuaren kostua igotzea. Adostutako neurria hilero berrikusiko dute orain garraio enpresek eta Hezkuntza Sailak, eta erregaiaren prezioa %5 baino gehiago igotzekotan, neurri berean igoko lituzkete tarifak ere.
Arazoak autobusen ibilbideetan
Bart sinatutako akordioak zerbitzuaren berrezartzea zekarren arren, zenbait erabiltzailek Aiaraldea Komunikabideari adierazi diotenez, autobusak ez dira gaur hainbat geltokitatik igaro. Beraza eta Garaiko autobus geltokietatik etorri da salaketa, ikasturte honetako geltoki berrietatik, hain zuzen ere. Toki horietako ikasleak autoz eraman behar izan dituzte ikastetxeetara.