ALINA GEORGIANA

“Laudioko jaiak Donostiakoak baino dibertigarriagoak dira”

Allende Solaun Boada 2022ko ira. 15a, 08:00

Familia bisitatzera etorri da Alina Georgiana. / A.G.

ALINA GEORGIANA (Errumania, 1997) familia bisitatu eta oporrak igarotzeko etorri da Errumaniatik Orozkora, eta Aiaraldeko herrietako jaietaz gozatzeko aukera izan du.

Nolatan amaitu du Errumaniako neska batek Laudioko jaietan?

Nire mutil-lagunaren aita Orozkon bizi da duela 10 urte baino gehiagotik eta udaro bisitatzen du. Orain elkarrekin gaudenez, elkarrekin etorri gara. Berez, iaz izan zen nire lehen aldia Aiaraldean, baina ez nuen herrietako jaiak ezagutzeko aukerarik izan, lehenago itzuli baikinen.

Oro har, giroa gustatu zaizu?

Izugarri gustatu zait. Arraro samarra izan da niretzat, jendeak goizeko hamarretatik edaten baitu. Goiz esnatu behar ginen, arropa jantzi, kalera atera eta edaten hasi. Hasieran prentsatu nuen: zer? Baina gustuko izan dut herritar guztiek elkarrekin disfrutatzen dutela, adina edo kultura edozein dela ere. Euren herria ospatzen zeuden denak, eta oso elkartuta. Jaiak ez dira dibertitzeko aukera hutsa, eta hori argi ikusi dut.

Errumaniak badu hiri edo herriko jairik? Hala bada, desberdinak dira?

Hiria ospatzeko jaiak baditugu, baina ez dira herritar guztiak hara joaten, pertsona-klase ‘umilak’ baino ez, edo hori da nire pertzepzioa. Errumanian gizarte-kategoria desberdinak daude, nahiz eta zuek bezainbeste gorroto dugun pertsonen arteko bereizketa hori. Oro har, jaialdi eta jai asko ospatzen ditugu, baina ez da ohikoa adin desberdinetako pertsonak festa berean aurkitzea.

Euskal Herriko jai handiagoetan ere aritu zara aurten. Zein gustatu zaizu gehien?

Bai, Donostian ere egon ginen. Nire ustez, Laudiokoak dibertigarriagoak dira; Donostian turista asko zegoen eta oso pertsona gutxik eramaten zituen jaietako jantziak. Su artifizial eta jende asko dantzan zegoen, bai, baina tokiko pertsona gutxi, nire ustez. Laudiokoak gehiago gustatu zaizkit.

Zer iritzi duzu euskal kulturari eta jendeari buruz?

Ez dakit iritzi sendo bat osatzeko aukera izan dudan, baina Valentzian bizi nintzen Erasmus egiten ari nintzela, adibidez, eta aldeak ikusi ditzaket. Bertan nerabeak gehiago dibertitzen dira, erromantikoagoa da. Norbait bi egunez ezagutzen banuen, nire lagun minak balira bezala jokatzen zuten. Euskal Herriko giroa helduagoa iruditzen zait eta, agian, hotzagoa. 

Espero ez zenuen ezer azpimarratuko zenuke?

Donostia izan ezik, ez zait hain turistikoa iruditu eta oso arraroa izan zen niretzat; esaterako, tabernaz eta eguzkitakoz betetako hondartzak eta abar ez aurkitzea. Hori faltan bota dut, baina hondartza “basatiagoak” gustuko ditut, baita jendeak eskuoihal eta eguzkitako propioak eramatea ere.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide