Ikasturte berriko programazioa aurkeztu du Laia Aiaraldeak

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko ira. 15a, 14:17

Artziniegako Udaletxean elkartu dira Aiaraldeko udal-ordezkariak programazioa aurkezteko. / Aiaraldea.eus

Aiaraldeko Emakumeen Jabekuntza Eskolak hasi berri den ikasturteko jarduerak aurkeztu ditu Artziniegako Udalean. Hitzaldiak, zinema-proiekzioak, topaketak... orotariko ekintzek osatzen dute Laia Aiaraldearen programazio berria.

Artziniegako Udaletxean aurkeztu dute gaur goizean Laia Aiaraldeak hasi berri den 2022-2023 ikasturterako jardueren programazioa. Bertan izan dira Laudio, Amurrio, Okondo, Aiara eta Artziniegako udal-ordezkariak, baita Arabako Foru Aldundiko eta Aiarako Kuadrillako ordezkariak ere.

Tailerrak, zineforumak, hitzaldiak, topaketak, irakurle klubak, erakusketak... Orotariko ekintzek gorpuzten dute datozen hilabeteetako programazioa

Aurtengoa Aiaraldeko emakumeen berdintasunerako eta jabekuntzarako eskolaren seigarren edizioa izango da, eta, pandemiak markatutako urteen ostean, guztiz presentziala izango den eskaintza batera egin du jauzi berriro. Halaber, jarduerak online formatuan gauzatzeko aukera zabalik dagoela gogorarazi dute Laia Aiaraldeatik, "jabekuntza eskola honetan ikasten eta partekatzen jarraitu ahal izateko.

Orotariko jarduerak

Ekintzaz beteta dator Laia Airaldearen edizio berria: Tailerrak, zineforumak, hitzaldiak, topaketak, irakurle klubak, erakusketak... Orotariko ekintzek gorpuzten dute datozen hilabeteetako programazioa. Horien artean larunbat honetan ospatuko duten Aiarako Emakumeen Gelako bosgarren urteurrena nabarmendu dute, baita irailaren 24an ospatuko den Artzifesta Feministaren bigarren edizioa ere.

Eskualdeko herritarrek etxeko postontzian jasoko dute datozen egunetan programazioa biltzen duen liburuxka:

Laia Laudio

Eskualdeko jabekuntza eskolak beste mugarri garrantzitsu bat izango du irailaren 23an. Izan ere, egun horretan aurkeztuko dute Laia Laudio, Lamuzako Lezeaga Areto berrian. Bertan aurkeztuko dute ikasturteko programazioa, bai eta eskola aurrera eramateko funtsezkotzat jo duten Berdintasun Kontseilu berria ere. Laudioko Jabekuntza eskolak eskualdeko gainerako udalerriekin era koordinatuan arituko da.

2020ko datuekin alderatuta parte hartzeak %42 egin du gora, eta ekintza kopuruak %31

Haziz doan egitasmoa

Laia jabekuntza eskolak 2017an hasi zuen bere ibilbidea, eta geroztik etengabeko hazkundean egon da egitasmoa. 2021ean 419 jarduera egin zituen Laiak Araba mailan, eta 11.766 lagunek hartu zuten parte orotara. 2020ko datuekin alderatuta parte hartzeak %42 egin du gora, eta ekintza kopuruak %31. Arabako Foru Aldunditik balioan jarri dute jabekuntza eskolaren eraldaketa eta hazkundea: "zifra horietan ikusten da, ikasturtez ikasturte, goranzko bilakaera izan dela 2017tik, bai jarduera-proposamenean, bai bertaratze-proposamenean, gaur egun arte. Beraz, hori da aurrera egiten jarraitzeko egiteko modua eta lan egiteko modua".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide