Uzta bikaina iragarri dute Aiaraldeko txakolin ekoizleek

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko ira. 15a, 19:13

Lehorteak zailtasunak ekarri dituen arren uzta bikaina aurreikusten dute ekoizleek. / Aiaraldea.eus

Iraileko azken astean hastekoa da 2022ko txakolin uzta eskualdeko upategi gehienetan, ohikoan baino bi aste lehenago. Ekoizleek uzta bikaina izango dela iragarri dute.

Arabako Txakolina jatorri deiturako ekoizleek irailaren 24 eta 25ean dira uztarekin hastekoak. Horrela iragarri dute azken asteetan mahatsen heldutasuna eta iragarpen meteorologikoak aztertu ostean.

Badira bilketarekin datozen egunetan hasiko direnak; mahats barietate goiztiarrenak ekoizten dituzten horiek, hain zuzen ere. Izan ere, azken egunetako hego haizeak asko lagundu du mahatsaren heldutasunean. Halaber ekoizpen totalaren %8 dira bakarrik mota horretako mahastiak, eta gainerako %90 iraileko azken astean murgilduko dira uzta sasoian bete-betean.

Hori dela eta, ohikoan baino 15 egun lehenago abiatuko da uztaren gehiengoa. Beste urte batzuetan urriaren bigarren hastean hasi izan da denboraldia. 

Uzta bikaina

Zailtasun ugarirekin aurkitu dira Airaldeko txakolin ekoizleak aurten, nagusiki udako lehorte luzea; "poz bakarra duela hiru asteko euritea izan zen, non metro koadroko 12 litro ur bildu ziren" azaldu du Jose Antonio Merino jatorri deitura elkarteko idazkariak.

Txakolin produkzioa "aparteko mailetara" iristea aurreikusi dute, jatorri deituran inoiz egon diren produkzio onenetatik gertu

Lehortearen eta tenperatura altuen eraginez, mahatsaren tamaina neurri idealen azpitik dagoela azaldu du Merinok; edonola ere, mahastien osasuna "paregabea" dela nabarmendu du: "ez Botritisak ez Mildiuak, gaixotasun endemikoak direnak, ez dute agerpenik egin ur falta horren ondorioz".

Hori dela eta, txakolin produkzioa "aparteko mailetara" iristea aurreikusten dute, jatorri deituran inoiz egon diren produkzio onenetatik gertu. Uzta urriaren amaierarako egongo da jasota, eta dena ondo bidean, urtarrileko lehenengo astean hasiko dira lehenengo ardoak dastatzen.

Komertzializazioak ere gora egiten jarraitzen duela azpimarratu du Merinok. Espainiako Estatuko salmentak pandemia aurreko mailara iristear daude, eta esportazioak urte hasieratik egin zuten gora nabarmen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide