Ana Martinez, Ludi Temiño, Blanqui Zubiaur, Angela Ginés, Eneritz Castro, Ana Huidobro, Gema del Prado, Soraya Yuste, Mari Carmen Otaola eta Sofia Treceño Superberriak supermerkatu kateko langileak dira, eta greba mugagabearen nondik norakoak azaldu dituzte:
Honezkero igaro dira irailaren 16an abiatutako greba mugagabearen lehenengo egunak, nola zaudete animoz?
Animo askorekin eta indar beteta aurkitzen gara. Inoiz baino gogo gehiago daukagu borrokan jarraitzeko. Egunek aurrera egin ahala gero eta indartsuago ikusten dugu gure burua. Lehenengo eguna gogorragoa egin zitzaigun, penaz eta tristuraz bizi izan genuen egun hura, baina grebak aurrera egin ahala gure aldartea ere aldatzen doa, eta orain gogotsu gaude.
Nolakoa ari da izaten greba mugagabearen jarraipena Superberriakeko supermerkatuetan?
Denda guztiak daude itxita, eta grebaren jarraipena erabatekoa ari da izaten. Ez dator inor lanera.
“Ez ziguten inolako alternatibarik eskaini, ez zegoen negoziaziorako tarterik"
Zergatik erabaki zenuten greba mugagabera jotzea?
Abuztuaren 30ean supermerkatuko kudeatzaileekin elkartu ginen eta Enplegua Erregulatzeko Espedientea jarri ziguten mahai gainean, kaleratze kolektiboa; 70 langile baino gehiago kale-gorrian utzita, eta, ondorioz, saltoki guztiak ixteko.
Ez ziguten inolako alternatibarik eskaini, ez zegoen negoziaziorako tarterik. Horren aurrean aukera bakarra geneukan beharginok; planto egitea eta greba mugagabera jotzea.
Zaila izan zen erabaki hori hartzea?
Ez zegoen beste biderik. Greba da presioa egin eta kaleratzeak kentzeko dugun tresnarik eraginkorrena. Bi orduko lanuzteak egin izan bagenitu gutaz barre egingo lukete kudeatzaileek. Hau ez da mehatxu bat, greban egongo gara kaleratzeak mahai gainetik kendu arte.
Nola justifikatzen du Superberriak kateko gerentziak 70 langileren kaleratzea?
Arrazoi ekonomikoak direla diote, eta beharbada legalki hori esateko aukera dute, baina guk argi daukagu hori gezurra dela. Zifrak hor daude, galerak ditugula diote baina guk badakigu hori ez dela horrela. Kudeatzaileek Basele izeneko enpresa bat daukate, izugarrizko irabaziak dituena. Bertara ari dira mugitzen guk saltokietan sortutako irabaziak, gerora galerak justifikatzeko.
Superberriakek dirutza ematen dio Baseleri, zuzendaritza berdinak kudeatutako beste sozietatea; supermerkatuen alokairuak edo Baseleko hamar langileen soldata altuak ordaintzeko.
Guztiok ulertzeko, nola dago antolatuta Superberriak eta gainerako enpresen arteko konglomeratua? Nola dago antolatuta kudeaketa?
Lehenik eta behin azpimarratu behar dugu guk ez dugula zerikusirik BM Supermerkatuekin, Superberriak izaten jarraitzen dugu guk. Superberriak BM kateko frankiziatu bat baino ez da; hau da, BM-k irudi korporatiboa baino ez dio ematen gure saltoki kateari.
"Guk ez dugu zerikusirik BM Supermerkatuekin, Superberriak izaten jarraitzen dugu guk. Superberriak BM kateko frankiziatu bat baino ez da; hau da, BM-k irudi korporatiboa baino ez dio ematen saltokiei"
Superberriakeko zuzendaritzak aurreko zuzendaritza bera izaten jarraitzen du: Basi eta Elena dira kudeatzaileak, eta egoera honetara eraman gaituztenak.
Negozioa hiru sozietatetan dute zatituta: Laudio, Amurrio, Ugao eta Bilboko Alde Zaharreko saltokiek osatzen duten Superberriak katea, Roxima Barakaldoko saltokia eta Basele. Basele higiezinen kudeaketaz arduratzen da nagusiki, enpresako zuzendaritza litzateke.
Bost saltokien lokaletatik hiru Baselerenak dira jabetzan, baina Superberriakek hiru lokal horien alokairua ordaintzen dio Baseleri, negozioak bera diren arren. Kapitalen desbideratzea da hori.
Supermerkatuetan sortzen diren mozkin guztiak bertara mugitzen dituzte merkataritza-sozietatea hustuta. Roxima egoera berean dago. Supermerkatuak ez du inoiz galerarik izan. Irabazi gutxiago izateak ez du esan nahi galerak daudenik.
Superberriakek galerak aurkeztu zituen 2020an, pandemia urtean.
Hori barregarria izan zen. Supermerkatu guztiek izan zituzten irabaziak 2020an, gu barne. Ez dute paper bakar bat ere aurkeztu ustezko galera horiek justifikatzeko. Pentsa lana zenbatekoa zen, bost banatzaile kontratatu zituztela pandemia bete-betean etxez etxeko banaketak egiteko, normalean banatzaile bakarra egoten denean. Galerak izan genituela esatea erridikulua da. Izugarrizko lan-zama genuen, mundu guztia zetorren supermerkatuetara erostera, ezin baitzen beste inora joan.
“Negozioa hiru sozietatetan dute banatuta, eta kapitalen desbideratzea egiten ari dira, Superberriak saltokietan galerak justifikatzeko, baina gezurra da”
Uste duzue Superberriakeko kudeatzaileek aldez aurretik pentsatuta zutela negozio guztiak ixtea?
Bai, erabat. 2019an gure lan eskubideen alde mobilizatzen hasi ginenean ez zion inolako graziarik egin enpresari, nolabaiteko mendekua da hau.
Zuzendaritzaren aldebakarreko erabakia izan da gu kaleratzea. Batzuek diote guk soldata igoera eskatu dugula, baina hori ez da egia. Uztailaren 27an, gure lan baldintzen aldeko elkarretaratze baten ostean gurekin elkartu zen zuzendaritza eta esan ziguten iraila erdialdean aztertuko genuela dokumentazioa beste bilera batean, abuztua hilabete baliogabea zelako.
Aurpegira bota ziguten gezurra. Abuztuaren 31n premiazko bilera deitu zuten, eta beste ezertarako tarterik utzi gabe aurkeztu ziguten kaleratze espedientea. Puntu horretara iritsi aurretik beste hamaika alternatiba zituzten kaleratzeak saihesteko, bat bera ere ez zuten kontenplatu.
2019an ekin zenioten Superberriak supermerkatuetako langileek antolatzeari eta zuen eskubideen alde mobilizatzeari. Nola oroitzen dituzue egun horiek?
Aurrerapauso handia eman genuen 2019ko hartan; urte askoren ostean lehendabizikoz sindikatu eta gure lan-eskubideen alde mobilizatzeari ekin genion. Gogorra izan zen hasieran, zuzendaritzak ez gintuen aintzat hartzen.
Gu gure lan egutegia errespetatzea eskatzen genuen soilik, kudeatzaileek, ordea, enpresa galbidera eramango genuela esaten zigun. Ez zuen inolako zentzurik, supermerkatuak oso ondo zihoazen, guk hori argi ikusten genuen; eta gure eskubideen alde ordu beteko lanuzteak egiteagatik porrotera eraman behar genuen enpresa?
Ordutik mespretxuz tratatu gaitu zuzendaritzak, ez zitzaien batere gustatu gu zarata egiten hastea. Lau urte eman ditugu gure eskubideen alde borrokan, lan hitzarmenean jasotakoa betetzea eskatzeko, ez gehiago ez gutxiago. Zuzendaritzak, ordea, ez dizkigu gauzak batere erraztu.
BM markara aldaketa ere testuinguru horretan egin zen, ezta?
BMra aldaketa ere guri ezer galdetu gabe egin zuten. Saiatu ziren gu konbentzitzen, enpresaren bideragarritasunerako aukera onena zela esaten. Guk ez geneukan batere argi, baina esan ziguten bi urte itxaronda bueltatuko ginela aldaketaren aurreko irabazi kopuruetara.
Azkenean zuzendaritza izan da horren zain egon gabe aldaketa egin eta 15 hilabetera saltokiak ixtea erabaki duena, guk, nolabait, gorakada bat ikusten genuen bitartean. Ulergaitza da hauen jarrera.
Nola baloratzen duzue herritarren eta bezeroengandik jasotako babesa lehenengo greba egun hauetan?
Ikaragarria izan da. Oso pozik gaude, oso babestuta sentitzen gara. Itxi aurretik bezero asko etorri ziren gugana animoak ematera. Apalategiak hutsik egon arren gurera etortzen ziren babesa eskaintzen. Denda guztietako kideek berdina nabarmendu dute. Ohiko bezero asko negarrez bukatzen zuten gure egoeraren aurrean, eta azkenean gu ginen horiek kontsolatu behar genituenak. Eskerrak ematea besterik ez dugu, bereziki eguneroko bezero fidel izan diren horiei.
Askok urteak daramatzagu supermerkatu hauetan lanean, eta bezeroekin sortzen den harremana oso-oso estua da, gertukoa. Eta ez hori bakarrik, ixtera doazen saltoki hauek erreferentziazko saltokiak izan dira bezero asko eta askorentzat. Ugaon, esaterako, ez dago beste supermerkaturik herrigunean, ez ona, ez txarra.
Lan gatazka honetan kaltetuak garen modu berean (lana galtzen dugulako), eguneroko bezeroak ere kaltetuak aterako dira; ohiko saltokia galdu dutelako. Beraiei esker gara gu. Hemendik pasa diren familiekin batera hazi gara gu ere urte hauetan guztietan zehar.
“Feminizatua den eta ohikoan langile-gatazketara ohitua ez dagoen sektore batean 600 lagun manifestazio batean elkartzea ikaragarria da”
Mobilizazioek egundoko erantzuna izan zuten. Bilboko Alde Zaharrean zein Amurrion egindako elkarretaratzeek jende asko elkartu zuten. Baina guretzat bereziki hunkigarria izan zen Laudioko manifestazioa.
Kaltetutako 40 bat langile izango gara eskualdean orotara; gurea bezalako sektore feminizatu eta ohikoan langile-gatazketara ohitua ez dagoen sektore batean 600 lagun manifestazio batean elkartzea ikaragarria da. Tubacexekin gertatu bezala herriaren babesa ezinbestekoa dugu guk ere.
Beldur hori genuen hasieran, gurekin ere babes hori errepikatuko ote zen galdetzen genion gure buruari. Laudioko manifestazioak aise erakutsi zigun hori, oilo-ipurdiarekin igaro genuen mobilizazio guztia.
SOS Aiaraldea plataformatik egiten ari den lana eskertu behar dugu ere. Izugarrizko lana ari dira egiten eskualdeko enplegu suntsiketaren aurrean sektore oso ezberdinetako langileak batu eta elkar-harremanetan jartzeko: industria, zerbitzuak…
Oso inportantea da sektore feminizatuetako langileak ere antolatzea eta borrokara batzea. Gure lana ezinbesteko bezain ikusezina da. Bada garaia gure eskubideen defentsan ahotsa altxatzeko.
Nola aurreikusten dituzue datozen egunak?
Gogotsu eta indartsu. Greban jarraituko dugu kaleratzeak kendu arte. Kamikaze hutsak dira zuzendaritzakoak, baina espero dugu arrastoan sartzea eta negoziazio mahai-bat proposatzea. Herritarren laguntza eta babesa eskatu behar dugu berriz ere, datozen mobilizazio eta deialdietan gurekin batera egon daitezen.