Klima aldaketaren aurkako jarduera sorta egingo dute Aiaraldean datozen egunetan

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko ira. 23a, 10:54

Herritarrak kontzientziatzea da Asteklimaren helburua. / Aiaraldea.eus

Asteklima egitasmoaren barruan, makina bat ekintza egingo dituzte gaurdanik urriaren 2ra bitartean Aiaraldeko udalerrietan, herritarrak “energia eta klima-trantsizioaren alde aktibatu eta mobilizatzeko helburuarekin”.

Gaur hasi da Asteklimaren edizio berria, Euskadiko Klima eta Energiaren Astea. Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak EEE eta Ihobe erakunde publikoekin elkarlanean antolatu du egitasmoa, herritarrak “energia eta klima-trantsizioaren alde kontzientziatu eta mobilizatzeko helburuarekin”.

Orotara, 202 ekitaldi antolatuko dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalerrietan, gaurdanik urriaren 2ra bitartean. Aiaraldean ere oihartzun zabala izango du ekimenak.

Egitarau zabala Aiaraldean

Artziniegan, Urduñan, Okondon, Laudion, Amurrion edota Aiaran egingo dituzte ekitaldiak Asteklimaren barruan. Okondon gaur bertan abiatuko da jarduera maratoiko lehenengo ekintza: Xabier Ramos auzokideak klimaren inguruko argazki erakusketa inauguratuko du Okondoko Kultura Etxean eta, horrekin batera, hitzaldia eskainiko du 17:00etan. Erakusketa irailaren 30era arte egongo da ikusgai.

Urduñan, aldiz, “Basoak eta klima-aldaketa” izeneko ibilaldia egingo dute bihar -irailak 24- 17:00etatik aurrera. Errotuz Elkarteko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko kideek gidatuko dute ibilbidea Baso Eskola Aterperaino. Eguraldi txarra eginez gero, Alondegira mugituko dute jarduera.

Amurrion, aldiz, San Rokeko hezeguneko biodibertsitatea hobetuko dute urriaren 1ean, Muskerrak Elkartearen eta udalerriko ikastetxeen laguntzaz. Besteak beste, hesiak jarri, intsektuentzako eta anfibioentzako babeslekuak eta habiak ezarri, tximeletentzako loreak landatu, eta saguzarrentzako kutxak jarriko dituzte auzolanean, biodibertsitatea areagotzeko asmoz.

Aiaran, Maroñoko urtegiko biodibertsitatea ezagutzeko ibilbidea egingo dute Enrique Arberas Agiñigako biologoarekin. Irteera urriaren 2an egingo dute eta bertako paisaia eta ekosistema interpretatuko dituzte.

Jarduera horiez gain, beste hamaika ekintza ere egingo dira eskualdeko udalerrietan: bilketa organikoari buruzko tailerrak, argazki lehiaketak, kale antzerkiak edota klima-aldaketari buruzko ikus-entzunezkoen proiekzioak. Astekilma egitasmoaren webgunean kontsultatu daiteke egitaraua osorik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide