Otsoen erasoak biderkatu direla salatu dute Gorobel mendilerroko artzainek

Aitor Aspuru Saez 2022ko ira. 23a, 13:00
Azken erasoan hildako ardia. / Ibarrola ahizpen gaztandegia

Aste honetan eraso batek hiru ardi hilik utzi ditu eta hainbat zauritu. UAGAk salatu du otsoaren eraginak artzainak desanimatzen dituela, lehortearekin batera.

UAGA Arabako lehen sektoreko sindikatuko bozeramailea den Unai Campo aiararrak salatu du artaldeen kontra otsoen erasoak biderkatu egin direla Gorobel mendilerroan azken udan.

Campok aipatu du azken gertakaria aste honetan izan dela: "3 ardi hil dituzte otsoek, eta hainbat zauritu". UAGAko kideak azpimarratu du, berez, arazoa ez direla animali hilak, baizik eta zauriak dituztenak: "Otsoek eta saiek hiltzen dituzten animaliengatik Administrazioak kalte-ordainak ordaintzen ditu. Ordea, zauriak edo abortoak izan dituzten ardien kasuan, jabeak hartu behar ditu bere gain gastu guztiak: albaitaria, zaintza lanak...".

Erasoak ia astero

Unai Campok azaldu du otsoen jokaera erabat aldatu dela uda honetan: "Artzainek esaten didate ez dietela beldurrik gizakiei eta ikusten dituztela. Gauzak horrela, ia astero dago gertakariren bat. Lehen, otsoek gauez egiten zuten eraso. Orain, ordea, eguna argitzear izaten da. Goizean, ardiak askatzen dituztenean, artzainak aurrean joan behar dute erasorik ez egoteko".

"Otsoek jarrera aldatu dute, ez diote beldurrik gizakiari eta artzainek ikusten dituzte"

Artzainen gainkarga

Egunez direnez orain erasoak, artzainek ezin dute, lehen bezala, animaliak aske utzi eta arratsaldean jaso. "Egun osoa igaro behar dute ardiekin, otsoak edozein unean agertu daitezke eta", gaineratu du Campok.

Gorobel mendilerroko artzaintza arriskuan

Camporen ustez, otsoen jarrerak eta lehorteak kolokan jartzen dute artzaintzaren bideragarritasuna Gorobelen. "Ez dago ur nahikorik Gorobelen eta kamioien bidez edo ibilgailuen bitartez igo beharra dago. Horrek ere dirua balio du, nahiz eta suhiltzaileek noizbait laguntzen duten euren kamioiekin" azaldu du UAGAko bozeramaileak.

Gorobel azpian dauden artzainen beldurrak

Otsoaren erasoek ez dute ezinegona piztu soilik Gorobelen aritzen diren artzainen artean. Aiaraldea Komunikabidea zenbait baserritarrekin jarri da harremanetan eta galdera bera dute buruan azken udako gertakarien harira: "Gorobelen aritzen diren artzainek ganadua bertatik jaisten dutenean, zer egingo dute otsoek? Herrietara jaitsiko dira ziurrenik, egoera aldatzen ez bada".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide