Ekainean Bizkaiko Foru Aldundiak onartu zuen une doakoak ziren zenbait errepideren erabileragatik kobratzen hastea. Neurria bost bidetako zati batzuetan sartuko da indarrean; N-240an, A-8an, N-636an, Txorierriko korridorean eta BI-625ean.
Aiaraldeko kasuan, neurria laster egongo da indarrean eta BI-625 errepideko 14,75 kilometroko tarte bat egongo da egitasmoaren barruan. Zehazki, Laudiotik Basaurira doana.
Horrenbestez, administrazioak ekin dio ordainketa eta kontrola ahalbidetuko duen teknologia instalatzeari; Arakaldoko gasolindegiaren ingurutan, eta Arrankudiaga-Zolloko Labeko eta Bakiola guneetan.
Jarritako arku horiek 3,5 tona edo gehiagoko ibilgailuen matrikulak irakurriko dituzte eta kamioiek egindako ibilbidearen arabera egingo dute kobrantza automatikoki, Interbiak sozietateari datuak bidalita. Horretarako VIA-T gailua izan beharko dute garraiolariek, edo euren matrikula kontu korronte bati lotu. Izan ere, ibilgailuek ez dute gelditzeko beharrik izango ordainketa egiteko.
Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi du tarifak ordaintzen ez dituztenei -momentuz ez da publikoa zenbat balioko duten- %20ko gainkarga kobratuko dietela, hasteko. Hala ere, ordaintzen ez badute, zigor neurriak hartuko ditu erakundeak.
Ordainsarien helburua
Hedabidetan azaldu duenagatik, Bizkaiko Foru Aldundiak helburu anitzak jarraitzen ditu politika berri honekin. Alde batetik, trafiko astuna gehien erabiltzen diren errepideetatik atera nahi du, 4.000 ibilgailu Supersur eta AP-8 azpiegituretara bideratuta. Horretarako, ideia da Supersuraren ordainsaria errepide arruntena baino merkeagoa izatea.
Esan bezala, momentuz, foru erakundeak ez du zehaztu kilometro bakoitzaren balioa, baina prezioak ez du gaindituko 0,25-0.27 euro kilometro bakoitzeko.
Horrez gain, istripu kopurua %10ean murriztu nahi du erakundeak, eta kutsadura %13an. Izan ere, aldundiak aurreratu du gutxien kutsatzen duten ibilgailuek hobariak izango dituztela.
Arakaldo eta Arrankudiaga-Zolloko Udalak
Aiaraldea Komunikabidea harremanetan jarri da ordainsariak hartu dituzten eskualdeko bi udalekin. Jabi Asurmendi Arakaldoko alkateak aipatu du euren herrian ez dutela horrenbeste nabarituko euren eragina: “BI-625 errepidea ez da herrigunetik igarotzen, hortaz, ez dugu sumatuko. Hala ere, helburua bada kamioiak bide horretatik kentzea, suposatzen dut eragin positiboa izango duela herriko sarreran”.
Txutxi Ariznabarreta Arrankudiaga-Zolloko alkateak ordea, ez du balorazio positiborik egin: “Bizkaiko Foru Aldundiak udalarekin hitz egin gabe jarri ditu gailuak. Horregatik ez dugu ofizialki baloratu. Ziurrenik, etorkizunean egin beharko dugu, emaitzak ikusgarriak direnean. Izan ere, kamioiak errepidetik kentzeko instalatu dutela adierazi dute hedabidetan, baina etorkizunean bestelako helburuekin baliatu ditzakete”.
Berez, alkateak aipatu duen moduan, hainbat ibilgailu erabiltzaileren ustez, ordainsari horiek auto arruntei kobratzeko ere bideratuko dituzte etorkizunean.