EUSKARALDIA

Zabalik dago Euskaraldian izena emateko epea

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko ira. 29a, 13:00

Euskaraldiaren furgoneta ibiltariak Aiaraldea bisitatu zuen asteburuan. / Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua

Gaurdanik zabalik dago Euskaraldiaren edizio berrian izena emateko epea. Herritarrek bi astez euskaraz bizitzeko rola aukeratu beharko dute: Ahobizi edo Belarriprest.

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra luzatuko da Euskaraldiaren hirugarren edizioa, eta honezkero zabalik dago euskararen aldeko ariketa sozial erraldoian izena emateko epea.

Aurreko edizioetan bezala, egitasmoak iraun bitarteko bi asteetan erabiliko duten rola aukeratu beharko dute herritarrek: Ahobizi edo Belarriprest. Ahobiziek euskara lehenetsiko dute uneoro, eta ez dute hizkuntza aldatuko euskara ulertzen duten gainerako herritarrekin. Belarriprestek, ordea, unean une erabakiko dute zein hizkuntza erabili, baina gainerakoek jakingo dute badela haiengana euskaraz zuzentzerik, hau da, euskara ulertzeko gai direla.

2020ko edizioan bezala entitateek ere parte hartzeko aukera izango dute aurtengo edizioan. Horretarako, Ariguneen figura erabiliko dute.

Izen ematea zabalik

Parte hartu nahi duen orok euskaraldia.eus atarian eman beharko du izena. Aurreko edizioren batean parte hartu duten horiek parte hartzea berretsi beharko dute soilik. Gainerakoek, bide berdina jarraituz eman beharko dute izena.

Aiaraldean egitasmoa abian

Aiaraldean asteak daramate Euskaraldiko batzordeak herriz herri eratuz. Iragan astean Faktorian egin zuten ariketa sozialaren aurkezpena eskualdeko entitateekin, eta asteburuan Euskaraldiaren furgoneta ibiltariak Amurrio eta Laudio bisitatu zituen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide