Julen Latorre da Euskadiko XCM eliteko txapelduna eta Arkaitz Larrieta bigarren Sub-23 kategorian

Aitor Aspuru Saez 2022ko urr. 4a, 17:30

Julen Latorre da Euskadiko txapeldun berria. / Bizkaiko Txirrindularitza Federazioa

Barakaldon lehiatu zen igandean Euskadiko XCM mendi txirrindularitzako txapelketa eta aiaraldearrek parte hartze azpimarragarria izan zuten. Hain zuzen, Julen Latorre izan zen txapeldun Elite kategorian eta Arkaitz Larrieta Meabe bigarren sailkatu zen Sub-23 kategorian.

Barakaldoko 'Altzairuko Birikia' lasterketan erabaki ziren igandean Euskadiko txapeldunak mendi txirrindularitzako XCM diziplinan eta Aiaraldeko kirolariek protagonismo handia izan zuten.

Zehazki, Julen Latorre Gulias amurrioarrak markarik onena eskuratu zuen (3 ordu 2 minutu eta 58 segundo) eta, ondorioz, Euskadiko txapeldun berria da. 19,81 kilometro orduko batezbestekoa egin zuen eta borroka estua izan zuen Egoitz Egiarte eta Julen Zuberorekin.

Latorrek berak kontatu dio Aiaraldea Komunikabideari gogor hasi zela proba: "10 kilometroko aldapa batekin abiatu zen eta erritmoa jarri genuen. Laupabost txirrindulari geratu ginen eta geroago Julen Zubero eta biok. Azken bost kilometrotan, ordea, Egoitz Egiarte ere batu zitzaigun".

Azken kilometro horietan lehia benetan gogorra izan zen: "Azken zatia zirkuitu bat zen eta aldapa batean eraso egin nuen. Lortu nuen aldentzea, baina azkenean 7 segundoko abantaila baino ez nuen atera".

Horrenbestez, Julen Latorre pozik dago emaitzarekin, are gehiago aintzat hartuta aurreko egunean UCI-C1 proba izan zuela Lizarran: "6. postua erdietsi nuen, emaitza ona izan zen. Niretzat UCIko probak Euskadiko Txapelketa baino garrantzitsuagoak dira eta irabazteko aukerak nituela uste nuen arren, nekea nabaritu nuen Barakaldon". 

Egun, Julen 153. postuan dago UCI erakundeko munduko sailkapenean eta hori hobetzeko zenbait erronka ditu berehala. Adibidez, bihar Frajús hiri frantziarrera joango da, gero Gironara joko du eta urriaren amaieran Colina Triste lasterketan parte hartuko du. 4 egun eta etapako proba da hori eta Adrian Garcia taldekidereakin egingo du, bikoteentzat baita.

Gauzak horrela, amurrioarrak lorpen berria gehitu dio bere palmares oparoari, nahiz eta oso gaztea izan. Esaterako, aurtengo ekainean Espainiako XCM MBT Kopa irabazi zuen Astorgan.

Arkaitz Larrieta Meabe bigarren

Hala ere, bera ez zen izan parte hartze arrakastatsua izan zuen bakarra. Berez, Arkaitz Larrieta Meabek ere podiuma zapaldu zuen Sub-23 kategorian. Koba Cyclingeko taldekideak 2. bukatu zuen eta pozik dagoela adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari.

Lorpena ez da zortearen emaitza izan, txirrindulariak aipatu baitu gogor entrenatu duela eta data bere egutegian azpimarratuta zegoela.

Lasterketari dagokionez, urduñarrak azaldu du hasieratik jarri zela tropelaren buruan eta Julen Latorrerekin eta Unai Mateosekin batera egin zuela ihesaldia. "Dena den, 20. kilometroan atzean geratu nintzen, euren erritmoa oso altua baitzen. Geroztik, nire erritmo biziena topatu nuen eta azken kilometrora arte ekin nion", gaineratu du kirolariak.

Horri esker, bigarren bukatu zuen Sub-23 kategorian eta bederatzigarren sailkapen orokorrean. Positiboki baloratu du bere parte hartzea Larrietak, duela hiru urte hasi baitzen mendi txirrindulan lehiatzen. Edonola ere, zenbait mugarri ditu jadanik bere ibilbidean. Adibidez, aurretik Medina de Pomarreko XCM maratoian ere igo zen podiumera, baita Arronizen ere, eta Arabako Sub-23 kategoriako bigarrena izan da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide