Jaitsiera nabarmena egon da Aiaraldean euskararen kaleko erabilerari dagokionez. Hori ondorioztatu daiteke Soziolinguistika Klusterrak eginiko neurketen emaitzak ikusita.
Erakunde horrek uda hasieran plazaratu zituen Euskal Herriko datu orokorrak, eta baita eskualdetakoak ere. Baina udal batzuek neurketa zehatzagoak enkargatu zizkioten Klusterrari, eta horien emaitzak plazaratzen ari dira orain. Azaroan amaituko dute herriz herrikako emaitza horien aurkezpen zikloa, eta orduan plazaratuko dute informazio guztia Soziolinguistika.eus webgunean.
Aiaraldeko hiru udalerritan egin dituzte neurketa zehatzago horiek: Laudion, Orozkon eta Urduñan. Lehen bi herrietan jaitsiera nabarmena egon da euskararen kaleko erabileran 2011tik 2021era . Urduñan, aldiz, igoera txikia egon da.
Orozkon, 34 puntu behera
Eskualdeko jaitsiera nabarmenana Orozkon izan da. Udalerri horretan iaz eginiko kale neurketaren arabera, euskararen kale erabilera %23,2koa da, 2011koa %57,2koa zen bitartean. Hau da, ia 34 puntuko jaitsiera egon da hamar urtetan.
Ez dago argi zerk eragin duen horren jaitsiera nabarmena. Euskararen ezagutzari buruzko azken datuak 2016koak dira. Horien arabera, orozkoarren %61,6k daki euskaraz. Hortik kalkulatu daiteke erabilera isotropikoa deritzon parametroa, Txilardegi soziolinguistak bere garaian eginiko formula matematikoan oinarrituta. Parametro horren bidez, euskararen ezagutzaren arabera zenbateko erabilera espero daitekeen kalkulatu daiteke. 2016an ateratako datuaren arabera, euskararen erabilerak %30,4koa izan beharko luke Orozkon; hau da, azken kale neurketan atera dena baino 7,2 puntu handiagoa. Adinari begira badaude ñabardurak kale neurketaren datuetan. Beherakada orokortua izan da adin tarte guztietan, baina 65 urtetik gorakoetan izan da agerikoena, 57 puntuko jaitsiera egon baita hamar urtetan.
1.433 solaskideren arteko 509 elkarrizketa erregistratu zituzten Orozkoko kale neurketan. Asteko 7 egunetan egin zuten azterketa, 16 egunez. Ikertzaileek ez zuten ibilbide zehatzik egin. Herriko erdigunean aritu ziren, "jendea ibili ohi den lekuan".
Laudion, lau puntu behera
Laudion lau puntuko jaitsiera jazo da azken hamarkadan. 2011n eginiko neurketan erregistratu ziren kale-elkarrizketen %9 izan zen euskaraz. 2021ean, aldiz, %4,6 jaitsi zen ehunekoa.
Iragan irailaren 23an plazaratu zituzten datuak, Euskararen Jaiaren egitarauaren barruan Udalak antolatutako aurkezpenean. Belen Urangak hartu zuen hitza bertan. Soziolinguistika Klusterreko kideak hainbat ñabardura eta azalpen eman zituen bertan, datuei testuingurua emateko.
Laudion bi bikote aritu ziren neurketa egiten 2021eko udazkenean. Bi ibilbide egin zituzten herrigunean barrena, eta mugikorren bidez hartu zituzten entzundako elkarrizketen inguruko datuak, “modu diskretuan”, jendeak ezin baitzuen jakin zertan ari ziren. “Ibilbide horiek Udaleko euskara sailarekin adostutakoak dira”, azaldu zuen Urangak aurkezpenean. “Bikote bakoitzak 20 ordu igaro zituen guztira ibilbide bakoitza egiten, asteko egun ezberdinetan. Modu horretan, 8.707 lagunen 3.028 elkarrizketa erregistratu zituzten”. Lagin hori izanda, lortutako datuak “estatitiskoki sendoak” direla nabarmendu zuen Urangak, “akats tartea oso txikia” delako; baina honakoa ere aipatu zuen: “Ezin dugu ahaztu une zehatz batzuetan entzundako elkarrizketak direla. Momentuko datuari baino, bilakaerari erreparatzea da garrantzitsuena, momentuko argazkia oso estatikoa izaten delako”.
Beste faktore garrantzitsu bat ere nabarmendu zuen soziolinguistak, azken urteetan nabarmen aldatu dela kaleko bizitza. “Adineko gutxiago dago, eta gazte gehiago… hori guztia ere kontuan hartu behar dugu”.
Era berean, nabarmedu zuen azterketak “kalean entzundakoa” soilik hartzen duela kontuan, “ez beste esparru batzuetan entzuten dena”. Ildo horretan, Urangak azaldu zuen alor askotan eragin daitekeela. “Hainbat mailetan eragitea dagokigu. Udalerri mailan zertan eragin daitekeen identifikatu behar dugu, eta horretan eragin”.
Sexuaren araberako banaketari begira, datu bitxi bat aipatu zuten aurkezpenean: Laudion ez dagoela ia ezberdintasunik gizonezkoen eta emakumezkoen artean. “Gainontzeko udalerri gehienetan, aldiz, euskararen kale erabilera handiagoa da emakumeen artean”.
Adinari erreparatuta ere ondorio interesgarriak atera daitezke. Belen Urangak ‘Heldu gazteen’ tartean (25-44 urte bitartekoak) jarri zuen begirada. “Orain arte, 25 urtetik 64 urte artekoak multzo bakarrean neurtzen genituen, baina konturatu ginen populazioaren tarte hori oso handia dela”.
Bi tarteak banatuta, datu esanguratsuak lortu dituzte, ‘heldu gazteen’ euskararen erabilera handiagoa delako. “Guraso gazteak daude tarte horretan. Bada populazioren zati bat harremanetan dagoela haurrekin, eta azterketetan islatu da horiek direla euskarari astindu bat emateko borondatea erakusten ari direnak, nolabaiteko arau sozial bat izango balitz bezala”.
Belaunaldiartekotasunean egon daiteke gakoetako bat, Urangak iradokitakoaren arabera. “Hizkuntzaren erabilera Laudion %10,6ra hazten da haurrak eta nagusiak elkarrekin daudenean, kasu horietan entzuten da euskara gehien”.
Hala ere, Urangak ez zuen datuen ezkortasuna ezkutatu. “Kezkatzeko arrazoi handi xamarrak daude”, aitortu zuen aurkezpenean.
Urduña, salbuespena
Urduñan, aldiz, bestelako joera bat iradokitzen dute datuek, xumea, baina baikorragoa. Urduñako kaleetan topatutako 20 lagunetik 1 (%5,5) euskaraz aritzen da, %91,8 gazteleraz eta %2,7 beste hizkuntzetan. 2011an, aldiz, %4koa izan zen euskararen kale erabilera. Hau da, puntu eta erdi igo da azken 10 urteetan.
Baina datua askoz esanguratsuagoa da duela hogei urteko datuekin alderatuz gero. Izan ere,2002an eginiko kale neurketan ez zen euskarazko elkarrizketarik behatu hirian. Hau da, euskararen erabilera %0,0koa izan zen, Urduñako Udalak nabarmendu duenez.
Euskaldunen ehunekoa %29,3 da Urduñan, 2016ko datuen arabera. Gauzak hala, erabilera isotropikoaren formula matematikoa aplikatuz gero, euskararen erabilera %5,8 izan beharko litzatekeela kalkulatzen da, hau da, neurtutako erabileraren (%5,3) oso antzekoa.
Horrez gain, helduen artean emandako bilakaera positiboa ere nabarmendu du du Udalak, 3 puntu hazi delako euskararen erabilera adin tarte horretan azken 10 urteetan.
2.542 elkarrizketa erregistatu zituzten guztira Urduñako kale neurketan, eta 7.588 solaskide behatu zituzten.
Azaroaren 15ean egingo dute Urduñako azterketaren datuen aurkezpen xehea, Aduana bainuetxeko areto nagusian, 18:00etan. Belen Urangak hartuko du hitza bertan, Euskaltzaleen Topaguneko Kike Amonarrizekin batera.