Itzuli da mendi martxen sasoia eskualdera. Orozkon urriaren 9an egingo dute Orozko Harana martxaren XXXIII. edizioa. Bi ibilbide egongo dira; 32 kilometroko luzea eta 26 kilometroko martxa laburra. Bi martxak 7:30ean abiatuko dira Zubiaur Plazatik. Itxinape Mendi Taldetik jakinarazi dutenez, izen ematea doakoa izango da eta egunean bertan egin ahalko da. Ibilbide luzeak Austiarmineraino eramango ditu mendizaleak. Laburrak, ordea, erdibidea hartuko du Aranekoharrira iritsi aurretik, eta Austiarminen elkartuko da berriro martxa luzearekin.
Okondoko Ganekogorta Mendi Klubak ere iragarri du bere urteroko zita: urriaren 16an egingo dute Okondo Ibarra VIII. Ibilaldi Neurtua. Martxa 9:00etan aterako da Ibarra kaletik eta 15 kilometroko luzera izango du. Martxak helburu solidarioa izango du. Izan ere, AEFAT elkarteari emango diote bildutako dirua.
Gorobel ibilaldia azaroaren 6an
Amurrioko Gorobel ibilaldia azaroaren 6an egingo du Mendiko Lagunak taldeak. Aurtengoa mendi martxa arrakastatsuaren XXXVI. edizioa izango da eta, ohikoan bezala, hiru ibilbide izango ditu: 49, 22,5 eta 11,5 kilometrokoak, hain zuzen ere.