Haur eta nerabeen osasuna jarri du ASASAMek arreta Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren testuinguruan

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko urr. 7a, 12:59

ASASAMeko kideak eta eskualdeko udal ordezkariak egon dira gaurko agerraldian. / Aiaraldea.eus

"Tradizioz erabat ahaztua, eta, batzuetan gutxietsia" izan den haur eta nerabeen buru osasunean jarri nahi izan du arreta ASASAMek Buru Osasunaren Nazioarteko Egunean. Hainbat jarduera antolatu ditu elkarteak; hala nola urriaren 16an egingo duten Buru Osasunaren aldeko martxaren III. edizioa.

Eman 'like' buru osasunari. Ongizate mailan hazteko eskubidearen alde leloa aukeratu du ASASAM elkarteak, urriaren 10ean ospatzen den Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren testuinguruan, haur eta gazteen buru osasuna aldarrikatzeko. Gaur egin dute datozen asteetan egingo dituzten jarduerak aurkezteko prentsaurrekoa Laudioko Udalbatza aretoan. Bertan izan dira, besteak beste, Maria Angeles Arbaizagoitia ASASAM elkarteko presidentea, baita Laudio, Amurrio eta Artziniegako udal ordezkariak ere.

Haur eta gazteak erdigunean

"Tradizioz erabat ahaztua, eta, batzuetan gutxietsia" den haur eta gazteen buru osasunean jarri nahi izan du arreta ASASAMek aurtengo Nazioarteko Egunean. Horretarako, buru osasunaren zaintza eta babesa txikitatik landu beharra azpimarratu dute, eta, erakunde publikoak eta eragileak interpelatzeaz gain, haurrak dituzten familiengan eta hezkuntza-komunitatearengan ere jarri dute pertsona ororen buru osasunari erreparatzeko ardura.

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, munduan 10 eta 19 urte bitarteko zazpi gaztetik batek dauka buruko nahasmenduren bat

"Baliabide ekonomikorik eta giza baliabiderik ez dagoenez, buru osasunari eskaintzen zaion arreta ez da nahikoa, non eta haur eta gazteen buru osasuneko arazoak areagotu egiten ari diren garai honetan" azaldu du Arbaizagoitiak gaurko aurkezpenean.

Datuak ere mahaigaineratu dituzte: Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, munduan 10 eta 19 urte bitarteko zazpi
gaztetik batek dauka buruko nahasmenduren bat. Azaldu dutenez, gainera, pandemiak, "pandemiak lehendik zeuden arazoak larriagotu ditu".

Gazteen buru osasunean eragiten duten faktoreak zerrendatu dituzte: Lana lortzeko zailtasunak, genero desberdintasunak, sexu-abusuak haurtzaroan, eskola jazarpena, ziberbullyinga, mendekotasuna edota suizidio-ideiak.

Aiaraldean gazteen enplegua sustatzea ere ezinbestekotzat jo dute

Neurriak

Gaurko agerraldian hainbat neurri aurkeztu ditu ASASAMek haur, nerabe eta gazteen buru osasunaren hauskortasun eta arrisku egoerari aurre egiteko. Horien artean buru osasunean inbertsioa handitzeko beharra aldarrikatu dute, “gazteenei ongizate psikologiko eta emozionala eskaintzeko”.

Aiaraldean gazteen enplegua sustatzea ere ezinbestekotzat jo dute. Baita “gazteei euren bizi-proiektua abiatzea galarazten dien lan-prekarietatearen aurka borrokatzea” ere.

Sexu-abusuak prebenitzeko erkidego-mailako estrategiak eta mekanismoak eskatu dituzte, Hezkuntza arloan, aldiz, eskola-jazarpena prebenitzeko, antzemateko eta esku-hartzeko mekanismoak aldarrikatu dituzte.

Buru Osasunaren Aldeko Martxa

Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren testuinguruan hainbat ekintza antolatuko dituzte eskualdean. Horien artean, Buru Osasunaren Aldeko III. martxa antolatuko dute urriaren 16an. Parte hartzaileak goizeko 10:00etan abiatuko dira Laudioko Herriko Plazatik eta Amurrioko Juan Urrutia plazatik, Luiaondoko txoritegia helburu. Bi martxak bertan batuko dira eta hamaiketakoa parte hartzaile guztiek batera egingo dute. Bertan, opari bat ere banatuko dute. Inskripzioak 3 euro balioko du, eta egunean bertan eman ahalko da izena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide