Urriaren 27ko ikasle greba aurkeztuko du bihar Ikasle Abertzaleakek Aiaraldeko hezigunetan

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko urr. 10a, 12:09

Laudio Ikastolan eta Zaraobe institutuan egingo dituzte grebaren aurkezpenak. / Aiaraldeko IA

"Hezkuntzan ofentsiba kapitalista gelditu!" lemapean ikasle greba deitu du Ikasle Abertzaleakek datorren urriaren 27rako. Bihar aurkezpenak egingo dituzte eskualdeko heziguneetan grebaren arrazoiak aurkeztu eta ikasleak honen antolakuntzara batzeko.

Urriaren 27an Hego Euskal Herriko bigarren hezkuntzako zentroetan greba deitu du Ikasle Abertzaleakek, "Hezkuntzan ofentsiba kapitalista gelditu!" lemapean. Hezkuntza erreforma prozesuen aurrean "antolatu eta kaleak hartzeko" deia luzatu du ikasle antolakundeak.

"EAEko hezkuntza lege berria segregazioan sakontzen duen eta modu inposatzaile batean egindako prozesu baten emaitza den legea da"

"Bizitzen ari garen krisi kapitalistaren ondorioz, kapitala bere irabaziak bermatu nahian dabil, eta horretarako gizarteko egitura nagusiak berregokitzen ditu", adierazi zuten antolakundeko bozeramaileek urriaren 4ean Eusko Legebiltzarraren atarian egindako agerraldian, "elite ekonomikoek norabidetutako eta politikari profesionalek egikaritutako aldaketa hauen adibide garbia dugu EAEko hezkuntza lege berria. Segregazioan sakontzen duen eta modu inposatzaile batean egindako prozesu baten emaitza den legea da, pasa den kurtsoan salatu genuen LOMLOEren norabide berean". Halaber, EAEk Espainiako Estatuko segregazio tasarik altuena duela gogorarazi zuten agerraldian, bai eta hezkuntza lege proposamena norabide horretan sakontzeko asmoz datorrela ere, "ikastetxe pribatu eta kontzertatuei ateak irekiz".

Aldaketa guzti hauek hezkuntzaren desegitean eta burokratizazioan sakontzen dutela uste du Ikasle Abertzaleakek: "Jakintza garatzearen garrantzia albo batera uzten da eta formakuntzaren debaluazio bat gertatzen ari da. Horren ordez, ikastetxeak diziplinamendu hutserako zentro bilakatzen ari dira".

Hori guztiaren aurrean, "guztion eskuetan egongo den doako eta kalitatezko hezkuntza unibertsala" eraikitzeko aurrerapausoak emateko premia azpimarratu du ikasle antolakundeak. Horretarako mobilizazioak deitu dituzte urriaren 27an Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan.

Aurkezpenak Aiaraldean

Bihar, urriak 11, grebaren aurkezpenak egingo dituzte eskualdeko heziguneetan. Deialdiaren arrazoiak azaldu eta grebaren antolakuntzan ikasleak batzeko asmoz. Zaraobe Institutuan eta Laudio Ikastolan egingo dituzte aurkezpenak. Zaraobe Institutuan patio orduan egingo dute, areto nagusian. Laudio Ikastolan aldiz, bigarren atsedenaldian egingo dute ikastetxeko areto nagusian. Datozen egunetan greba komiteak sortuko dituzte heziguneetan, eta urriaren 27an bertan Bilboko manifestaziora batzeko deia zabaldu dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide